Gaulle, Charles de
Charles de Gaulle Lille-n jaio zen 1890ean eta Colombey-les-Deux-Eglisesen hil zen 1970ean. Militar, politikari eta estatu-gizon frantsesa izan zen. Lehen Mundu-Gerran preso hartu zuten. Bigarren Mundu-Gerran, eta brigada-jeneral zelarik, Petain-ek Alemaniarekin 1940an sinaturiko armistizioari uko eginik, Londresera egin zuen ihes, eta erresistentziarako deia zabaldu. Degradatu eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Askapen Nazionaleko Frantses Komiteko buru bihurtu zen (1943). Behin-behineko gobernuaren buru izan zen (1944-46). RPF eraiki zuen (1947). Gobernu berria osatzeko deitu ziotenean (1958), konstituzio berria onarrarazi eta V. Errepublikaren buru jarri zen.
Frantziako Errepublikako lehendakari izendatuta (1958), Garai horretan sortu zen OAS estatuko talde terrorista, baina, Aljeriari independentzia eman behar izan zion (1962). Frantzia munduko potentzia handi bihurtzeko politika bideratu zuen. Berriro lehendakari hautatuta (1965), eta 68ko maiatzeko krisia nolabait gainditurik, Senatua eta eskualdeak berrantolatzeko proiektua atzera bota ziotenean, dimititu egin zuen (1969). Liburuak ere idatzi zituen: "Armada profesionala", 1934; "Gerrako oroitzapenak", 1954 - 1958).
Loturak: Pompidou, Georges; Reynaud, Paul;
Iturria: Harluxet