Barroeta Zarauz, Joakin Maria
Joakin Maria Barroeta Getarian jaio zen 1763an eta Frantzian hil 1837an. Gipuzkoako diputatu nagusia zelarik, Konbentzio-Gerran frantsesekin tratutan hasteko prest azaldu zen. Getarian Batzar Orokor bereziak bildu eta frantsesen aldeko erabakiak hartu zituen; Gipuzkoako errepublika sortzea, hain zuzen ere. Frantsesekin ez zen akordiorik lortu eta zenbait batzarkide preso hartu eta Baionara eraman zuten. Basileako Itunaren ondoren Frantziara jo behar izan zuen. Jose Bonapartek kargu politikoak eman zizkion Asturias eta Santanderren 1808an.
Bere seme Joakin Frantzisko (Getaria, 1796 - Madril, 1866) Getariako alkatea eta Batzar Nagusietako kidea izan zen. Liberala eta Hirurteko Konstituzionalaren aldekoa izan zen. Gipuzkoako diputatu hautatu zuten 1827an. Lehen Gerra Karlistan atxilotu egin zuten, baina Frantziara ihes egin zuen. Itzuli eta 1844an senadore hautatu zuten. Madrilgo Senatuan euskal foruen defentsa sutsua egin zuela eta, Gipuzkoako diputatu nagusi izendatu zuten. Ohorezko tituluak jaso zituen.
Iturria: Harluxet