Arana Goiri, Luis
Luis Arana Goiri Bilbon jaio zen 1862an eta Santurtzin hil zen 1951ean. Aita eta aitona ontzigile karlistak ziren. Sabinoren anaia. Liberalen armada Bilbon sartzera zihoala familia osoak Baionara alde egin zuen (1873), baina 1876an Bilbora itzuli zen. Madrilen (1881-82) eta Bartzelonan (1883 - 1888) arkitektura-ikasketak egin eta bere pentsamendu abertzalearen moldaketan Arturo Kanpionen eragina nabarmena izan zen. Abertzaletasunaren sortzaileetakoa izan zen, bera izan baitzen Sabinorekin izandako eztabaidan ordura arte tradizioz karlista zen anaiari abertzaletasunaren ideia piztarazi ziona (1882). Sabinoren argitalpenen administratzailea izan zen urtetan.
Euskal Herriaren burujabetasunaren aldeko agertu zen beti. Ramon de Sota buru zuen EAJko sektore moderatuaren aurkako sektore erradikalaren bozeramailea izan zen "Aberri" astekariaz baliatuz (1906). EAJko lehendakaria izan zen (1908 - 1915), baina alderdiak hauteskundeetan agindutakoa ez betetzeagatik 1915ean EAJtik egotzi egin zuen. "Euzkeldun batzokija" berpiztu eta "Bizkaitarra" berrargitarazi zuen (1916). Euskal Komunitatea sortzeko programa indartzearekin ez zetorren bat eta "Comunión Nacionalista" utzi egin zuen. "Aberri" aldizkariarekin bat zetorren taldea EAJtik erabat bananduta zegoen, baina 1922an hurbiltzen hasi eta EAJrekin bat egin zuten 1930ean. EAJko Bizkai Buru Batzarreko lehendakari berrautatu zuten 1932an, baina 1933an dimititu egin zuen espainolen arteko gerran euskaldunek esku hartzea gaitzetsi zuen eta estatutuaren aldeko gestioa ez zuen onartzen. EAJ utzi (1936), Ipar Euskal Herrira igaro eta 1941ean berriro Bizkaira itzuli zen.
Loturak: Zeferino Jemein;
Iturria: Harluxet