Kanpion, Jaime-Bon Arturo
Arturo Kanpion Iruñean jaio zen 1854ko martxoaren 7an eta Donostiako Emilia etxean hil zen 1937an. Batxilergoa eta zuzenbide lehen ikasketak Oñatiko Unibertsitatean egin zituen, Estanislao Arantzadi irakasle izan zuelarik; gero, Madrilen amaitu zituen zuzenbide ikasketak, hogeita bi urterekin. Hala ere, bere bizitza idazteari eta Euskal Herriko historiaren ikerketari eskaini zion. 1876an argitaratu zuen foruen aldeko lehen obra: Consideraciones acerca de la cuestión foral y los carlistas de Navarra.
Bigarren Gerra Karlistaren amaiera aldean, garaiko euskaltzaleekin harremanetan ibili zen: Antoine Abbadie, Duvoisin, Luis Luzien Bonaparte printzea, Jean Jaurgain, Joan Iturralde Suit eta beste hainbat euskaltzaleekin. Nafarroaren historia izan zuen bere lanen ardatz eta, gai politiko eta kazetaritzan trebea izan zen. 1878an, Asociación Euskara de Navarra elkartearen sorkuntzan esku hartu zuen. Euskara ikasi eta euskarari buruzko ikerlanetan hasi zen. Iruñean hainbat aldizkari eta egunkari sortu zituen: "El Arga" (1879 - 1991) eta "Lau buru" (1882 - 1886); Euskara nafarren hizkuntza zela aldarrikatu zuen, hortaz, garrantzi handia eman zion euskara ikasi, landu eta hedatzeari. "Hizkuntza aberria da" esan zuen, "eta aberria hizkuntza errespetatzen duten herriek euren heroien hizkuntza kontserbatzen dute". Nafarroan euskararekin gertatzen ari zen hondamendia arduraturik bere gaztelaniazko obretan ere kezka hori erakutsi zuen behin eta berriro.
Euskal Herri Nafarrarekiko atxikimendu osoa izan zuen; politikan eztabaida asko izan zituen alderdi guztiekin eta Sabino Aranarekin bere pentsamendu politikoa zela-eta batez ere. Kanpionek "Euskal Herria" kontzeptua defenditu zuen Sabinok asmatutako "Euzkadi" hitzaren aurrean. 1893an Madrilgo Gorteetako diputatu aukeratu zuten, Nafarroako hautagai zerrenda integristan aurkeztuta. 1904an "Euskaltzaleen Biltzarra" elkarteak Irunen eginiko bileran buru izan zen. 1918an Eusko Ikaskuntzako Ohorezko Lehendakari izendatu zuten; bertan Euskaltzaindia sortu eta euskaltzain osoa izan zen.
Ikertzaile joria izan zen, artikulu, nobela, saiakera eta historiako lan ugari idatzi zuen. Euskal Herria eta euskararen alde beti egin zuen. Euskalki eta azpi-euskalki ezberdinetan moldatutako "Orreaga" balada (1878) eta "Euskal lau dialektoen gramatika" idatzi zituen. 1879 - 1924 urte bitartean beste hainbat lan idatzi zituen: "Gaston de Belzunze" eta "El rosario de las lavanderas" ipuin eta saiakerak; "Ensayo acerca de las leyes fonéticas de la lengua vasca" gramatika-liburua; "Blancos y negros" eta "La belle Easo" nobela luzea; "Los origenes del pueblo euskaldun. Horiez gain: "Iberos, keltas y baskos" lan historikoa.
Loturak: Damaso Legaz; Euskal Esnale;
Iturria: Elhuyar/ Berria, 274.