Ortueta Azkuenago, Anakleto
Anakleto Ortueta Bizkaian, Olabeagako "Dantzari" etxean, jaio zen 1877ko abenduaren 26an eta Bilbon hil 1959ko azaroaren 7an. "A. de Maortua" goitizenez ere ezaguna.
Euzko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) kide zenean diputatu hautatu zuten 1918an, Gernikako Barrutiaren ordezkari. Euskal nazionalismoan bereizketa sortu zenean "Aberri" eta PNV utzi eta "Comunión Nacionalista Vasca (CNV)" alde jarri zen. Primo de Rivera diktadorearen garaian "Euzkadi" aldizkariko zuzendaria izan zen.
1930erako bi talde garbi bereizten ziren nazionalismoaren inguruan: EAJ eta Comunión taldearen batasuna batetik (Euzko Alderdi Jeltzalea), eta EAE (ANV Acción Nacionalista Vasca), bestetik. Ortueta EAE alderdiko talde liberaleko buru zen. 1932an politika utzi zuen eta historia lanak idazten hasi zen, baina Espainiako Gerra Zibila hasi zenean alde batera utzi zituen EAJ-ko buruzagiekin izandako liskarrak eta "Euskal Milizietako" barne poliziako buru izendatu zuten.
1937ko ekainean Santoñako Ituna emaitza izango zuten elkarrizketaren alde izan omen zen eta Bere arerio politikoa Leizaolak bezala Bizkaiko gerra-industria suntsitzearen aurka azaldu zen. Bilbo frankisten esku erori zenean hirurogei urte zituen. Preso hartu eta epaitu ondoren Oviedon eta Santanderren bizi izan zen erbesteratua.
Lehenago ere, Arturo Kanpion historialariarekin harremanak izan zituen eta historiari buruzko lan garrantzitsuak idatzi zituen: "Navarra y la unidad política vasca" (1931). "Vasconia y el Imperio de Toledo" (1935) eta "Sancho el mayor, rey de los vascos" (Ekin, Buenos Airesko argitaraldiak inprimatu zuen 1963an, bi liburuki).
Iturria: Lur