Goienetxe, Eugene
Eugene Goinetxe Uztaritzen jaio zen 1915ean eta hil 1989an. Euskaltzale eta politikari izan zen. Baionako ikastetxean ikasle zenean orduko abertzale asko ezagutu zituen: Aitzol, Ixaka L. Mendizabal, Agirre, Labaien, etab. "Aintzina" hilabetekariaren inguruan biltzen ziren euskaltzaleekin harremanak izan zituen; abertzale sutsua EAJko kide (1932) izan zen. Geroztik, Ipar Euskal Herrian euskal nazionalismoaren sorrera bultzatu zuen.
Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, euskal iheslariei laguntzen parte hartu zuen. Bigarren Mundu-Gerran preso hartu eta kontzentrazio-eremu batera eraman zuten. Sorbonan historia ikasi eta Iparraldeko Erdi Aroko onomastika sakonki aztertu zuen bere tesinan. Bordeleko artxibategiko zuzendari izan zen. Paueko Unibertsitatean historiako irakasle zelarik, eta bildutako dokumentuez baliatuz, Ipar Euskal Herriko historia zehatza den "Le Pays Basque Nord" lan mardula ondu zuen (1979). EHUk honoris causa doktore egin zuen 1982an. Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman zion. Ikerlan, artikulu eta liburuak idatzi zituen. Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeko kide izan zen.
Iturria: Harluxet