<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Euskaltzaindia
Euskara zaindu, aztertu, zabaldu, batu eta hobetzeko sortutako akademia da Euskaltzaindia. Eusko Ikaskuntzaren lehenengo biltzarrean, lau probintzietako diputazioen babesean sortua, Oņatin, 1918an. Irailaren 5ean izendatu ziren lehen lau euskaltzainak: R.M. Azkue, Luis Elizalde, Julio Urkijo eta Arturo Kanpion. 1919an onartu zen hamabi euskaltzain izendatzeko araudia eta honakoak izendatu ziren: Txomin Agirre, Pierre Bruzain, J.Blaise Adema, Ramon Intzagarai, Jose Agerre, Juan Bautista Eguskitza, Raimundo Olabide eta Pierre Lhande. Resurecccion M. Azkue izan zen lehenengo lehendakaria eta hamabiak izan ziren lehen euskaltzain oso.
Aurrera egin ahala kopuru hori handitu egin da eta egun euskaltzain osoak 24 dira. Euskaltzain osoez gain, urgazleak 150 inguru dira eta Ohorezkoak dira: J. Alliers, J. Bilbao, J. Caro Baroja, "Basarri", J. Etxaide, J. Garate, N Holmer, J.M. Jimeno, B. Larrakoetxea, G. Lopez de Gereņu, A. Martinet, S. Onaindia, R. de Rijk, H. W. Terence, P. de Irizar eta Y. Zytsar. Euskaltzain osoen kopurua finkoa da, baina ohorezkoena eta urgazleena beharren araberakoa da. Euskaltzain osoek hitza eta botoa dute, baina gainerakoek hitza bakarrik.
Euskaltzaindia, hasieran, bi ataletan banatu zen: ikerketa-atala, euskararen hizkuntz arazoak bideratuko zituena, eta lan praktikoa burutuko zuen atala, hau da, gizarteko alor guztietara euskararen erabilera bultzatuko zuena. Hasierako urteetan batzarrak gazteleraz egiten ziren eta konpondu behar izan zituen arazoen artean euskara batuarena zegoen. Halaber, neologismo ugalketa handiko garaiak ziren eta berauek arautu eta onartu beharra zegoenez, lan horri ere ekin zion. Literatur lehiaketak antolatu zituen, euskara eskoletan irakats zedin saiatu zen, euskara neurtzeko azterketak prestatu eta burutu eta bertsolari txapelketak antolatu zituen. Euskaltzaindiaren erabakiak argitaratzeko "Euskera" aldizkaria sortu zen.
Espainiako Gerra zibilak eta Mundu-Gerrak eragin handia izan zuten, euskaltzainak sakabanatu egin baitziren. Azkueri euskaltzain-taldea berpizteko eskaria egin zitzaion, baina, Azkue zaharra zen eta Krutwig arduratu zen lan horretaz (1941). Nola hala, berriro lanean hasi ziren eta aldizkaria ere berrargitaratu zen; 1956.az geroztik eten gabe argitaratu da.
Euskararen arazoaren inguruan biltzarrak antolatzen ditu; lehena Arantzazun egin zen, 1956an. Oihartzun berezia izan zuen Euskaltzaindiaren 50. urteurrena zela eta 1968an Arantzazun burututakoa. Bertan hartu ziren hizkuntza idatziari buruz arauak eta erabakiak: ortografia, sintaxia, deklinabidea, aditza eta lexikoa. Euskaltzaindiak bigarren etapa horri ekin zionetik lan joria egin du, literatur lehiaketak, gramatika lehen urratsak eman (EGLU), lexikografia erabakiak, ortografia landu, euskal alfabetatze eta euskalduntzean lehen urratsak eman, euskararen gaitasun agiria (EGA), eta abar.
Ikerketa sailean honako batzorde hauek daude: Hiztegigintza-Batzordea, Gramatika-Batzordea, Dilektogia-Batzordea, Onomastika-Batzordea eta Literatur-Batzordea. Jagon eta Egiturazko eta Batzorde suntsikorrak deitutakoekin osatzen da Euskaltzaindiaren organigrama.
Loturak: Manuel Lekuona; Mitxelena, Koldo; Ixaka Lopez Mendizabal;
Iturria: Elhuyar