Perikles

Perikles K.a. ~495ean jaio zen eta Atenas-en hil 429an. Antzinako Greziako Estatugizon atenastarra, Alderdi demokratikoko burua (461) eta hogeita hamar urtetan estratega izan zen. Bizitza politikoaren demokratizazioaren alde egin zuen. Delosko Konfederazioa inperio atenastar bilakatu zuen eta Atenasen nagusitasuna sendotu zuen gainerako hiri grekoen aurrean. Artista-talde bat bildu zuen Atenasen (Fidias, Protagoras) eta, hauek egindako artelanengatik (Partenoia, Odeoia, etab.), kultur garai honi "Periklesen mendea" izena eman zioten. Kanpo-politikan Periklesek Atenasen boterea garatu nahi izan zuen eta persiar eta espartarren aurka borrokatu zen. Peloponesoko gerraren lehen arazoen ardura leporatu zioten eta bota egin zuten agintetik. 429an berriro estratega aukeratu ondoren, izurriak jota hil zen.

I: Harluxet