Alexandro III.a Handia
Alexandro III.a Handia Pela-n (Mazedoniako hiriburua) jaio zen K.a. 356an eta Babilonian hil 323an. Mazedoniako erregea (336-323), Filipo II.a erregearen eta Olinpiaren semea. Aristoteleren ikaslea izan zen.
Korintoko batzarrean konfederazio heleniarreko buru izendatu zuten, eta izendapen hura onartu ez eta matxinatu ziren hiri grekoei eraso zien; Tebas suntsitu eta Atenas menderatu zuen. Grezian nagusi zela, Asiaren konkista prestatu zuen bere jeneralekin. Gudaroste indartsu batek lagundurik, Dario III.a pertsiarraren armadari nagusitu ondoren (Graniko, K.a. 334), Asia Txikiko kostaldeko hiri guztiak hartu zituen eta, Gordion eta Tarsos hirietan egonaldi bat eginda, berriro menderatu zituen pertsiarrak (Issos, K.a. 333);gero, Siria, Fenizia eta Tiro hartu zituen (K.a. 332). Gaza konkistatu ostean, Egipton sartu eta Alexandria sortu zuen. Mesopotamia aldera jo zuen eta, Tigris eta Eufrates ibaiak zeharkatu ondoren, Darioren armada indartsua barreiatu zuen Gaugameleko ordokian, Arbelesetik hurbil (K.a. 331). Azkenik, Babilonia, Susa, Persepolis, Pasargades eta Ekbatana hiriak hartu eta Asiako errege titulua eskuratu zuen.
Dario III.a hildakoan, Baktriana, Hyrkania eta Sogdiana lurraldeak konkistatu zituen, eta Alexandria izeneko kolonia militar ugari eraiki zituen. Pertsiako inperioaz jabetuta, India aldera jo zuen, Indus ibaia zeharkatu (K.a. 326) eta, Poros erregeari nagusitu eta gero, hiriburutzat hartu zuen Babiloniara itzuli behar izan zuen, bere soldaduen nekeak behartuta (K.a. 325). Han Satira, Dario III.aren alaba, hartu zuen bigarren emaztetzat (K.a. 324). Handik gutxira hil zen (K.a. 323), eta bere inperioa luzagabe desegin zen. Hil zenean bere jeneralek banatu egin zuten inperioa.
Hartutako lurraldeak batzeko, konkistatu ahala hiriak sortu zituen Alexandrok. Hiriak ongi kokatuak ziren, harri zoldaz urbanizatuak eta ur-horniketa zabalekin, zenbaiti bere izena jarri zion. Inbaditutako lurrak autonomia mantentzen zuten, baina bere erregetzaren pean. Bere osteko jeneralak, merkatariak eta jakintsuak bertan jartzen ziren bizitzen, horrela zabaldu zuen grekoen kultura eta hizkuntza. Alexandro Handiak heleniarren zabalkundeari eta Erromatarren Inperioari bidea ireki zien.
Iturria Harluxet/ Lur