<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Eliotarren etxea

Elio, Frantzisko Jabier: Iruñean jaio zen 1767an eta Valentzian hil 1822an. Oran eta Ceutako ekintza militarretan parte hartu zuenean koronela zen. Montevideora jo zuen kolonia berreskuratu asmoz eta bertako gobernadore izendatu zuten (1808 - 1811). Río de la Platako erregeorde zen Santiago Liniersen kontra borrokatu zen. Argentinako erregeordea zenean, Buenos Aires altxatuen eskuetatik askatzeko bake-hitzarmena sinatu zuen (1810). Espainiara itzuli eta Kataluniako eta Valentziako armaden buruzagi egin zuten eta Fernando VII.a erregetu zenean Valentziako gobernadore. Liberalen kontrako neurri gogorregiak hartu zituen eta Cádizko Konstituzioa berrezarri zenean kargua utzi egin behar izan zuen. Absolutismoaren aldeko altxamendu bat burutu zenean Frantzisko bultzatzaile nagusitzat jo zuten; preso hartu eta heriotza-zigorra ezarri zioten.

Joakin Elio Ezpeleta: Iruñan jaio zen 1806an eta Paben hil 1876an. Frantzisko Jabier Elioren iloba. Lehen Gerra Karlistan (1833 - 1839) Nafarroako komandante jenerala izan zen (1839). Bergarako Hitzarmena sinatu ostean karlisten buruzagia izan zen, Frantziara ihes egin behar izan zuen arte (1839). Bigarren Gerra Karlistan (1872 - 1876) antolaketan gogor saiatu zen Frantzian. San Carlos de la Rápitako altxamenduan preso hartu eta heriotza-zigorra ezarri zioten, Isabel II.ak barkatu egin zion zigorra (1857). Don Karlosen armadako jeneral nagusia eta gerra-ministroa izan zen. Urteetan aurrera eta gaixorik, Pabera erretiratu zen.

Luis Maria Elio Ezpeleta: Iruñan jaio zen 1810ean eta 1892an hil zen bertan. Joakinen anaia. Zuzenbide Kanonikoan doktore, Iruñeko katedraleko txantrea (1830), artzapezpikua (1860) eta deana (1862) izan zen. Bigarren Gerra Karlistan, bere anaiek bezala karlisten aldeko jarrera hartu zuen; Don Karlosek Oñatiko Unibertsitateko errektore izendatu zuen (1874).

Salbador Elio Ezpeleta: Iruñan jaio zen 1816an eta Bordelen hil 1902an. Joakinen anaia. Lehen Gerra Karlistada piztean, Frantziara ihes egin zuen. Don Karlosen zerbitzura jarri zen (1835), baina Bergarako hitzarmenaren ostean Valladolidera ihes egin behar izan zuen; han zuzenbide-ikasketak burutu, Filipinetara jo eta bertako entzutegiko magistratua izan zen (1851). Bigarren Gerra Karlista hastearekin batera Euskal Herrira itzuli eta Auzitegi Goreneko lehendakari egin zuten (1872). Filipinak, Txina eta Japonian ibili ondoren Frantziara itzuli eta Don Karlosen arreba Margaritaren idazkaria (1880) eta gero, Nafarroako erret ordezkaria izan zen.

Iturria: Harluxet