<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Belateko bataila

Fadrique Alvarez de Toledo II.ak, Albako duke Gaztelarrak Iruņea hartu zuen (1512), Luis Beaumont Leringo III. kondearen eta Frantses Beaumonten laguntzari esker. Ondoren, Donibane Garazi setiatu zuen eta Joan III.a Albretekoaren osteak Nafarroa berreskuratzen saiatu ziren. Saiakerak porrot egin eta Iruņetik itzuleran, Baztango mendietan, eraso zuten gipuzkoar-gaztelarzaleek.

Jarri dira ezkutuan Leizaurko Joan Perez eta Berastegiko ahaide nagusien gizonak, nafar osteen zain, eta erori da segadan Lanskenet alemanen artilleria astuna. Alemanak Otsondoko muga beste aldea irabazi nahi dute kosta ahala kosta, eta utzi dituzte atzean Jerusalemgo gerran irabazitako kanoi zaharrak, bi gudulariren zaintzapean eta agindu zehatzarekin: Leizaurren gizonak ikusi bezain pronto haiei tiro egin eta zarata ahalik eta handiena egitea, alegia. Nahasi dira hasieran gipuzkoar-gaztelarzaleak kea, tximista eta eztanda hotsen artean, baina laster utzi dute artileroek beren lana, eta eman diote ihesari. Kanoiak isilik, gora eta biba hasi dira gipuzkoarrak. Gaztelarren zerbitzari Diego Lopez Ayalakoak gidaturik atzetik datorren 3.500 gizonen tropak jo du iheslarien atzetik eta, nahiz eta gehienak muga pasatua izan, sarraskitu dituzte gose eta hotzez harrapatu duten gizaki oro. Hau dena gertatu zen 1512ko abenduaren 3 eta 4 artean.

Fernando II.a Inkisiziokoak bereganatu du Nafarroako erresuma ia osoa. Alemaniar artilariek utzitako kanoiak hartu eta Iruņera eraman dituzte. Joana Eroak, berriz, bi kanoi haiek hamabi bihurtu eta Gipuzkoako armarriari erantsi zizkion (1513 - II - 28). 1979an, Gipuzkoako Foru Aldundiak erregearen irudia eta kanoiak armarritik kentzea erabaki zuen, baina 1990a arte Madrilek ez zuen onartu aldaketa hori. 

Loturak:

Iturria: Harluxet/ Auņamendi