<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Donibane Garaziko inbasioa 1512
Nafarroa Garaia konkistatu ondoren, 1512ko abuztuaren hasieran, Gaztelako Albako dukeren osteak sartu dira Donibane Garazin. Orreagako arroilaren garrantzia estrategikoaz konturatuta Albako dukeak Orreaga hartu eta Villalba koronela utzi du hiria eta pasalekuaren zaindari. 1512ko irailaren 10ean, berriz, Albako dukea bera iritsi da Donibane Garazira. Bertatik, Gipuzkoan dagoen Dorset militar ingelesari deitu dio Hasparnen bildu eta aurretik hitzartuta zeukatena betetzera, Guyenna hartzera alegia. Ingelesak ezetza eman dio.
1512ko irailean, Nafarroako Joan III.a Albreten eta La Palize jeneralaren agindutara armada biltzen hasi da Salvaterra inguruan. Ostearen indar handiena, orobat, Angulemako Frantziskoren agindutara dago Peyrehoraden zain. Bien bitartean, Lautrec jeneralak Baiona hartu du Gipuzkoako osteak begi-bistan edukitzeko. Joan III.aren gizonek gerrilla moduan antolatuta Donibanen sar-irteerak egin eta Albako dukearen osteak janaririk gabe utzi dituzte. Gaztelarrak orduan hiri inguruan harresia eraikitzea agindu du, baina bere osteek, nekaturik, matxinatu egin dira irailaren 24an. Matxinatuak ozta-ozta etsi dute eta harresiaren eraikuntzan hasi dira nobleak eta guzti lagunduta.
Oste Ingelesak Gipuzkoan daude gaztelarren zain Baiona inbaditzeko, baina, gaztelarrek itzartutakoa ez dutela beteko konturatuta oste ingelesek Gipuzkoa utzi dute, Fernando II.a Inkisiziokoak eskainitako itsasontzietan Urriaren 15ean. Donibane Garaziko okupatzaile gaztelarrak lur jota daude. Frantzisko I.a Angulemakoaren ejertzitoa, Longeville eta Borbon dukeak lagunduta, Garrizeraino hurbildu da: 8 edo 10 mila gerlari gaskoi eta biarnes, 1.500 lanskenet, 1.000 arma-gizon eta artileri handia datoz beraiekin. Albako dukearen osteak Garazin setiatzea dute xede, Joan III.a Orreagara iritsi bitartean, bederen. Baina Nafarroako erregearen jendea oso motel dabil eta Frantzisko I.a Angulemakoak Iruņera zuzenean jotzea erabaki du. Presazko erabaki horrek, ordea, Albako dukea zelataririk gabe utzi du, eta Joan III.aren osteak Erronkari hartu dutela jakitean, Mongelos-eko gazteluari su eman eta Donibanen bildu du bere ejertzitoa, 1512ko urriaren 19an. Urriaren 22an, berriz, Nafarroako erregearen osteak Orreaga hartu du eta Frantzisko I.ak bere xedea burutua zuelakoan Maulera erretiratu da.
Albako dukeak bere meneko Diego de Vera-ren esku utzi du Donibane Garazi eta ziztu bizian atera da Iruņerantz; 1512ko urriaren 24an iritsi da Euskal Herriko hiriburura, Joan III.a baino ordu batzuk lehenago. Gaztelarrek kontrola berreskuratu dute eta Donibane Garaziko harresiak sendotzea erabaki dute. Behe Nafarroa osoa bere esku dute eta Baztan hartzea ere lortu dute, Maiako gaztelua beren esku dago. Bien bitartean, Nafarroako errege Joan III.a Albretekoa Biarnoko Salvaterran geratu da 5.000 gudariz babestu eta Biarnoko Orthez eta Pauera eraman du bere gortea.
Loturak: >Belateko gudua;
Iturria: Auņamendi