Madariaga Azkuenaga, Ramon
Ramon Madariaga Bilbon jaio zen 1868an eta Algortan hil 1940an. Zuzenbidean lizentziatu eta Londres eta Turinera jo zuen ikasketak sakontzera. Bilbon bulegoa jarri eta itsasoko zuzenbidean espezializatu zen. Alderdi errepublikarreko kidea, probintziako diputatu hautatu zuten (1911). Bigarren Errepublikaren garaian Bilboko alkate eta Bizkaiko Diputazioko gestoreetako bat izan zen. Eusko Ikaskuntzako kolaboratzailea, Lizarrako Autonomi Estatutuaren aurreproiektuan parte hartu zuen. Estatutuaren aldeko batzordeko lehendakaria izan zen (1933). Espainiako Gerra Zibilaren garaian, Bizkaia Francoren esku geratu zenean Miarritzen errefuxiatu zen eta 1940an Bilbora itzuli zen. Preso hartu zuten; libre utzi eta berehala hil zen.
Iturria: Harluxet