Felipe II.a Augusto
Felipe II.a Augusto Parisen jaio zen 1165ean eta Mantes-en hil 1223an. Frantziako erregea (1180 - 1223). Luis VII.a eta Adela Champagnekoaren semea. Isabelle de Hainaut- ekin ezkondu zenean (1180) Artois bereganatu zuen.
Erregetza hartu bezain laster Plantagenetarren inperio franko-ingelesa deuseztatu eta kapetarren agintea sendotu zuen. Inglaterrako Enrike II.aren eta haren semeen istiluak zirikatu zituen. Rikardo I.a Lehoibihotza erregearekin batera Enrike II.a Azay-le-Rideaun menperatu zuen (1189) Ondoren, hirugarren gurutzada antolatu zuten, Baina Akreko San Joan hartu ondoren, Rikardo I.a haserretu eta etsai bihurtu zitzaion. Frantziara itzuli zen berriro (1191) eta Joan Lurgabearekin Plantagenet etxeak Frantzian zituen lurrak hartzen saiatu zen. Fréteval-en (1194) eta Courcelles-en (1198) garaitu zuen Rikardok; Ingalaterrako erregea Rikardo hil zelako salbatu zuen bizia Felipe Augustok (1199).
Joan Lurgabea ezagutu zuen erregetzat Vexingo zati baten eta Évreux-en truke (1200); baina 1202an, ingelesen menpe zeuden Normandia, Maine, Anjou, Touraine, Bretainia eta Poitou inbaditu zituen. La-Roche-aux-Moines-en Joan garaitu zuen eta haren aliatu ziren Flandesko kondea, Bolognako kondea eta Oton Brunswick-ekoa enperadorea, Bouvines-en (1214). Bestetik, Auvernia (1189) eta Champagne (1213) bere menpera ekarri zituen. 1200etik aurrera, Danimarkako Isanburg-i (Ingeborg) uko egin eta Merango Agnesekin ezkontzean arazoak izan zituen Inozentzio III.a aita santuarekin. Aita santuak gurtza-debekua jarri zuen Frantzian. Zentralizazio-politika ezarri eta administrazioa hobetu zuen.Paris handitzen eta edertzen saiatu zen; Louvre sortu eta Parisko Unibertsitateari arautegi berria eman zion (1215)
Iturria: Elhuyar