Joana III.a Albretekoa

argazkia: Elhuyar

Joana III.a Albret-ekoa Pauen jaio zen 1528an eta Parisen hil zen 1572an. Nafarroako XXXIV. erregina (1555 - 1572), Margarita Angulemakoaren eta Enrike II.a Albretekoaren alaba. Antoine Borboikoarekin ezkondu zen (1548).

Haurtzaroan bere osaba Frantzisko I.a Frantziako erregearen menpean egon zen, ia-ia gatibu baitzeukan Plessis-les-Toursko gazteluan. Frantzisko I.ak bere esku izan nahi zuen Nafarroaren geroa erabakiko zuen ezkontza mugatzea. Hortaz, Clèves-ko dukearekin ezkonarazi zuen 1540an, Joanak eta ingurukoek horren kontra azaldu arren. Aldi berean Karlos I.a Espainiako enperadoreak bere semea Felipe nahi zuen Joanaren senar, baina ez zen bere asmoa bete. 

Joana Albretekoak Clèves-ko dukearekin egindako ezkontza baliogabetzea lortu zuen 1545ean, aita santuak horretarako baimena emanda. 1548an, ordea, Enrike II.a Frantziako erregeak Antonio Borbongoarekin ezkonarazi zuen. Karlos I.ak ezkontza bidez Nafarroaz jabetzeko zituen asmoak zapuztu egin ziren.

Bere aita Enrike II.a hildakoan (1555) borroka zibil eta erlijiosoak areagotu egin ziren. Joanak Nafarroako erresumaz gainera (Nafarroa Garaia gaztelarren esku zegoen) Albret, Foix, Bigorra, Biarno eta beste lurralde asko jaso zituen. Nafarroaren defentsan Espainiako eta Frantziako koroei aurre egin zien eta Joana III.a kalbindarren buruzagitzat hartu zuten.Enrike II.a Frantziakoa 1559an hil zen eta guztiz areagotu ziren erlijio borrokak Frantzian barrena. Katoliko eta kalbindar erreformatzaileen artean liskarrak maiz gertatzen ziren eta 1560an Joana III.ak bere kalbindar sinesmena herriaren aurrean aitortu zuen. 1571n eta kalbinismoa zabaldu asmoz, erreginak Joannes Leizarragari agindu zion Testamentu Berriaren euskarazko itzulpena egiteko, Bibliaren lehenengo euskarazko itzulpena izango zena.

 Joanak inoiz ez zion uko egin Nafarroako erresumaren batasuna lortzeari eta ahalegin militarrik egin ez bazuen ere, bere agintaldian, Gaztelako Felipe II.arekin negoziatzen saiatu zen behin eta berriro; bere ahaleginak, ordea, alferrik izan ziren. Joana Albretekoa kultura handiko emakumea izan zen. Bere ama Margarita Angulemakoaren obrak argitara eman zituen eta bere oroitzapen ere idatzi eta La Rochellen argitaratu zituen: Mémoires, 1563 - 1568). Bi seme-alaba izan zituen: Katalina, eta Enrike III. Nafarroakoa; gero Frantziako Enrike IV.a ere izango zena. Parisen hil zen 1572ko ekainaren 9an.

Loturak:

Mitologia: ehiztari beltza

Iturria: Elhuyar/ Lur