Azkue Aberasturi, Resurreccion Maria
Resurrección Maria Azkue Lekeition jaio zen 1864an eta Bilbon hil 1951n. Bere aita Eusebio Maria Azkue idazle bizkaitarra izan zen. Lekeition nautika-ikasketak, Bilbon batxilergoa eta Gasteizen apaiz-ikasketak egin zituen. Gazteizen Txomin Agirre ezagutu zuen. Salamancan apaiztu zen 1888an eta Teologi doktoretza eginda Brusela (Belgika) eta Kolonian (Alemania) ikasi zuen musika. 24 urte zituela murgildu zen euskararen munduan, eta geroztik, lan oparoa egin zuen.
Bizkaiko Aldundiak 1888an, Bilboko institutuan euskara irakasteko katedrarako antolatu zuen; Azkue, Sabino Arana Goiri eta Miguel Unamuno aurkeztu ziren. Lehiaketa irabazi eta 1936 bitartean han aritu zen irakasle. Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarrean Euskaltzaindiaren premia ikusi zen eta Azkue izan zen Akademiaren sortzaileetariko bat (1918). Euskaltzaindia sortu eta Azkue izan zen euskaltzainburu bizi izan artean. "Real Akademia de la Lengua Española"ko bazkide izendatu zuten euskararen ordezkari gisa (1927).
Obra eskerga ondu zuen hainbat alorretan. "Diccionario Vasco-Español-Frances" (1905) idatzi zuen; herri-literatura eta literatura zaharretako lexikoa bildu izana da obra horren baliorik handiena. Ondorengo idazleengan eragin handia izan zuen. "Morfologia Vasca" (1923), "Euskal izkindia-Gramatica- Euskara" (1891), "El euskara o el Baskuence en 120 lecciones" (1897), "Prontuario fácil para el estudio de la lengua vasca popular" (1917), "Diccionario de bolsillo vasco-español y español vasco" (1918) eta "Gipuzkera osatua" (1935) ere idatzi zituen. Euskal musika, herri poesia eta folklorean oinarritutako "Cancionero popular vasco" (1918), "Euskalerriaren Yakintza" (1935 - 1947), "Lamiak Euskalerrian" (1927), "Vizcaytik Bizkaiara, Sasi-eskola, Aitaren bildur, Gainzabale´ko eiztaria, Eguzkia nora" eta zartzuela, opera eta oratorio batzuk idatzi zituen. Literatura ere landu zuen: "Txirristadak, Bein da betiko, eta Ardi galdua" nobelak idatzi zituen.
Espainiako Gerra Zibila amaitu ondoren, Euskaltzaindiaren biziraupena ziurtatzen ahalegindu zen. Diotenez, Akademiaren egoitzatik hurbil zebilen gau batean, ezustean Ibaizabalera erori eta haren ondorioz kutsatutako gaixotasun batek jota zendu zen (1951ko azaroaren 9an).
Loturak: >M. Saturnino Mendigatxa;
Iturria: Elhuyar