Unamuno, Miguel
Migel Unamuno Bilbon jaio zen 1864an eta Salamancan hil 1936an. Gaztetan euskaraz ikasi zuen eta "Euskalerria" aldizkarian hainbat artikulu argitaratu zuen. Madrilen Filosofia eta Letretan lizentziatu zen eta "Critica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca" tesiarekin doktoratu zen. Bilbon latineko irakasle zelarik, Bizkaiko Diputazioko euskararako katedrarako aurkeztu zen, Sabino Arana eta Resureccion Maria Azkuekin batera, baina postua Azkuek lortu zuen. Europan zehar ibili ondoren, Salamancako Unibertsitatean grekoko katedra lortu zuen. Salamancan biziarteko dekano postua izan zuen, baina hainbat artikulu eta hitzalditan Primo de Rivera diktaduraren aurkako jarrera nabaria zela eta, Fuerteventurara erbesteratu zuten. Handik ihes egin eta Parisen ibili ondoren Hendaian finkatu zen.
1934an Grenobleko Unibertsitateko eta 1936an Oxford-eko Unibertsitateko "honoris causa" doktore egin zuten. Gaztetatik existentzialismoak eta gizakia bere errealitatean sakonki ezagutzeko arrazoiaren mugak edo ezintasunak kezkatzen zuen, baina bere semearen heriotza gertutik bizi ondoren bere pentsaerak aldaketa garrantzitsua izan zuen: kristautasunera itzuli zen, baina ez txikitan bezalako sinpletasunez, arrazoiaren aurkako sinesmena delako ikuspuntutik baizik. Besteak beste, Kierkegaard-en eragina nabaria da arrazoiaren eta sinesmenaren arteko auzia azaltzen duenean; bere ustetan, sinesmenaren oinarrian hilezkortasunaren gose eta beharrak sortutako Jainkoa dago. Jainkoa, eta neurri batean erlijioa ere, gure gorputzeko eta arimazko biziraupen pertsonala ziurtatzeko sortu behar izan dugun zerbait da. Gai hori behin eta berriro azalduko da bere obran; gainera "98ko Belaunaldia" deitutako mugimenduan parte izan zuen: "Paz en la guerra" (1897), "Mi religión" (1907), "La agonia del cristianismo" (1924), "Niebla" (1914) eta bere nobela nagusian: "Del sentimiento trágico de la vida" (1912).
Idazle oparoa izan zen; nobelagintzan nabarmendu bazen ere, olerkiak "Poesias" eta "El Cristo de Velazquez"; saio filosofikoak, "Vida de Don Quijote y Sancho"; eta antzekiak ere ondu zituen, "Fedra". Estilo oso pertsonala zuen, erasokor eta asaldagarria zenbaitetan. Bere kezka pertsonalak kanporatzeaz gain, irakurlea iratzarri eta pentsatzen jarri nahi duela dirudi.
Iturria: Elhuyar