Herbehereak (estatua)
1815ean Vienako kongresuak Herbehereetako erresuma sortu zuen, Probintzia Batuak, austriar Herbehereak eta Luxemburg-eko dukerri handia bilduz. Gilermo Orange-koa erregetu zuten, Gilermo I.a izenaz. Probintzia Batuen inperio koloniala eman zitzaion, Lurmutur probintzia izan ezik. hegoaldeko eta iparraldeko probintzien arteko harremanak ez ziren onak. 1830ean hegoaldeko Herbehere katolikoak matxinatu ziren eta Belgika erresuma independentea aldarrikatu zuten. 1839an Gilermo I.ak independentzia onartu zuen. 1840an aitak abdikatuta, Gilermo II.ak hartu zuen gobernua. 1848an konstituzio berria onartu zen. 1849an Gilermo III.a erregetu zen. Liberalak eta kontserbadoreak txandakatu ziren boterean.
1851n hierarkia katolikoa berrezarri zen eta katolikoak bizitza politikoan parte hartzen hasi ziren. 1862an libreganbismoa bultzatu zen, ekonomia indartuz. 1890ean hamar urte zituen Gilerminak Gilermo III.a ordezkatu zuen. Emma erregina erregeorde izan zen 1898 arte. 1897 - 1901 bitartean gizarte-hobekuntza garrantzitsuak (haurren lan-baldintzak, alkoholismoa, langileen lan-istripuetarako aseguruak) arautu zituen legegintza izan zen. 1913an liberalek, sozialisten laguntzaz hauteskundeak irabazi zituzten. Alabaina, Gilermina erreginak parlamentutik kanpoko gobernu bat izendatu zuen. Herbehereak neutralak izan ziren Lehen Mundu-Gerran (1914 - 1918). Dena den, urpekontzi alemaniarren blokeoak, aliatuen kontrolak eta armada prest izan beharrak arazo ekonomiko larriak ekarri zituzten. 1917an emakumezkoei boto-eskubidea eman zitzaien. 1933 - 1939 bitartean iraultzaren kontrakoek gobernua eskuratu eta Indonesiako abertzaleekin arazoak izan zituzten. Bigarren Mundu-Gerran Alemaniak okupatu zituen1940 - 45. Benelux sortzen parte hartu zuten (1944 - 1948). 1948an Gilerminak abdikatu eta bere alaba Julianari utzi zion erregetza.
1957an Europako Ekonomi Elkartean sartu ziren. 1973-77: Joop Den Uyl sozialistak zuzendutako koalizio-gobernuak petrolio-krisiari aurre egin behar izan zion. 1980an Juliana erreginak abdikatu zuen eta bere alaba Beatriz bilakatu zen erregina. 1982 - 1994 bitartean Rudolf Lubbers kristau-demokratak zuzendu zituen koalizio-gobernu guztiak.1994:an Win Kok sozialistak ordezkatu zuen Lubbes gobernuburuan.
Iturria: Harluxet