<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Clunyko abadia
910ean, Akitaniako Gillermo dukearen eskutik beneditarrek abadia bat fundatu zuten, Cluny herrian (Frantziako Saona eta Loira), eta bertan sortu zen klunytar erreforma. Monasterio horretako Odilon abadearen laguntzaz Antso III.a Gartzes Nagusia Nafarroako erregeak erreforma bultzatu zuen bere lurraldean. Bisigodoen errito kristauak baztertu eta Benito Anianekoaren erreforma ezarriz, monasterio guztiak Erromako aita santuaren eskumenean jartzea predikatzen zuten. Horrek esan nahi zuen eten egin behar zituztela lekuan lekuko jaunekin eta erregeekin eraturiko loturak. Monasterioen federazio bat eratu zen Clunyren inguruan. Euskal Herrian Jakue Bidearen inguruan sortu ziren garrantzitsuenak. Nafarroan, Haitzpeko San Joanen (San Juan de la Peņa,1025), Albelda eta Iratxeko monasterioetara zabaldu zen Europatik zetorren erreforma.
XI. mendean zehar Europako ia berrehun monasteriok kongregazioa osatu zuten Clunytarren babesean. Otoitz egitea zen garrantzizkoena. Hala ere, nekazaritza-abeltzaintzan eta irakaskuntzan lanean jarraitu zuten, nahiz eta horrek lekaideen arteko bereizkuntza areagotu izan. Izan ere, ordenatuek (apaiz edo elizgizonak), otoitzean eta elizkizunak ospatzen igarotzen zuten denbora gehiena; aldiz, anaia legoek eskulanak egin eta monasterioaren lurretan aritu behar zuten. Guztiak klausuran bizi ziren, otoitzean, apaltasunean eta penitentziaren izpiritua debozioz lantzen. Hala eta guztiz ere, Clunyren menpeko monasterioek gero eta ondasun gehiago eskuratu zituzten. Erregeen emariei eta aberastasuna pilatzeari esker garrantzi handiko jaurerriak izan zituzten, izpirituaren alorra landu eta monasterioen zentralizazioa lortzearekin batera. Lehen kapera eraikitako tokian eliza egin zuten, Cluny II, baina ez zen nahikoa izan eta Cluny III eraiki zuten (1088-1130): San Pedro eta San Pauloren basilika erromanikoa. XIX. mendean, ordea, ia osorik bota egin zuten.
Loturak: Hugo Donea; Roberto Kettongoa;
Iturria: Sancho III, Carmen Orcastegui eta Esteban Sarasa/ Lur entziklopedia/ Harluxet