Picaud, Aimeric
Aimeric Picaud (Parthenay-le-Vieux, Deux-Sèvres) XII. mendean bizi izan zen Elizgizon eta erromes frantsesa. Orduko kristau-santutegi nagusiak bisitatzen ibili zen. Santiagora ere erromesaldia egin zuen eta erromesentzako gidaliburua paratu zuen: Liber Sancti Jacobi edo "Kodize Kalistotarra". Santiagoren bizitzari buruzko kondairak, liturgiako testuak eta bidaian ikusitakoen berri eman zuen. Obra osoaren egilea ez bada ere, berea du V. Liburua, "Erromesaren Gida" jasotzen duena: dokumentu garrantzizkoa, ikuspegi historiko-antropologikotik. Donibane-Garazitik Lizarrara eta Logroñora zeharkatu zuen Euskal Herria, Iruñetik igaroz. Euskaldunen izaera, janzkera eta ohituren berri eman zuen. Ez zen nonbait ondo konpondu Euskal Herrian: euskaldun guztiak iraindu zituen, jende basati, anker eta lapurtzat jo zituen, eta haien hizkuntza barbarotzat hartu. Euskarazko hitz batzuen zerrenda eman zuen bakoitzaren esanahia adieraziz.
I: Harluxet