Antso I.a Gartzes
Antso I.a Gartzes ez dakigu non eta noiz jaio zen eta 925ean hil zen. Iruņeko IV. Iruņeko errege Fortun I.a Gaetzes Leireko monasteriora erretiratu ondoren, Deio eta Errioxako erregea izan zen (905 - 925), Gartzia Ximenezen eta Dadildis Pallars-ekoaren semea. Toda Aznar Iruņeko erreginarekin ezkondu zen (905) eta horrela Ximenotarren dinastiari hasiera eman zion. |
Antso I.a Gartzesek aldaketa sakona eragin zuen bai aginpidearen kontzepzioan, baita ere lurraldearen eraketan. Musulmanen familien arteko eztabaidatan esku hartu zuen. Banukasitarren aurka borrokan Deierria (Deio-Monjardin) eta Egak Ebrorekin bat egiten duen lekuraino irabazi zituen, 907 aldera. Musulmanen erantzun gogorrei aurre eginda Arga eta Aragoi ibaiaren behe lurretan aurrera egin zuen; Faltzes eta Kaparroso berreskuratu zituen (915). Hamar urtetan Iruņearen aginpideko espazioa asko zabaldu zen eta hedapen handiagorako oinarriak jarriak zeuden.
918an hasi zen Iruņeko erresuma mendebaldeko beste euskal lurraldetara zabaltzen. Erresumaren muina Iruņea eta Zangoza artean zegoen; baina, lurralde horiek beharrezko ziren mendialdeko (saltus vasconum) eta Araba arteko (ager vasconum) negu parteko abeltzaintzaren eta populazio handitzearen zabaltzerako. Kasitarrekin borrokan, Kordobako kalifa Abd ar-Rahaman III.rekin harreman onak izan zituen, Muetzen Valdejunkerako bataila deitutakoa galdu arte, 920an. Hala ere, kalifak ezin izan zuen eragotzi errege nafarrak gainontzeko euskaldunen lurrak ere bereganatzea; Errioxako Bigera eta Kalagorri (Calahorra) 923an, Naiara (Naxera) eta Albelda gotorlekuak berreskuratzea lortu zuen, Burebaraino. Banukasitarren aginpidea ezabatu zuen horrela eta Iruņeko monarkia pirinearrentzat mundu berri bat ireki zen.
Antso I.a Gartzesek Pirineo inguruko Aragoiko konderri txikiak bildu zituen, Karolinjioen garaiko konderriak ahultzen hasiak baitziren frankoek indarra galdu zutenean. 920. urtetik aurrera Galindo II.a Aznar kondeak men egin zion eta Antso I.a Gartzesek ezkontza politika erabili zuen erresuma sendotzeko. Arabako lurrak zaintzeko bere alabak Asturias eta Leongo erregeen semeekin ezkondu zituen: Oneka; Santxa (Ordoņo II.arekin, Alvaro Erramillez-ekin eta Fernan Gonzalezekin); Urraka (Ramiro II.arekin eta Antso I.arekin); Belaskita eta Orbita. Bere seme bakarra, berriz, Gartzia I.a Santxez, Aragoiko Andregoto Galindezekin ezkondu zen eta hura adinez nagusi izan bitartean aita izan zen Aragoiko konderriko erregeorde.
Horrela, Mendebaldeko Pirineo osoa bere esku geratu zen, eta horrekin batera, Ebro ibarreko musulmanekiko muga gehienak ere bai. Hortaz, X. mendearen hasieran, baskoien espazio txiki eta sakabanatuak errege baten menpeko bihurtu ziren, eta gai ziren Iberiar penintsulan jaun nagusi zen Kordobako kalifaren eraso gogorrei eusteko. Deioko San Estebanen baselizan ehortzi zuten, gaur Mojardin dagoen horretan.
Iturria: Elhuyar/ La Navarra maritima/ Lur