<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Ibarra familia

Enpresari- eta abokatu-familia bizkaitarra. Bizkaiko siderurgia modernoaren bultzatzaile izateaz gain, Banco de Bilbao bankuaren sorreran parte hartu zuten. Hainbat enpresa txiki batuz Altos Hornos de Vizcaya sozietate anonimoa sortu zuten (1882).

Gabriel Maria Ibarra de la Revilla (Bilbo, 1877 - ?, 1951). Deustuan zuzenbide-ikasketak egin eta Salamancan Filosofia eta Letratan lizentziatu zen. Beste batzuekin elkarlanean Amurrioko eskola-erreformatorioa eraiki zuen eta Espainiako adin-txikikoen tutoretzako auzitegien sortzailea, lehendakaria eta idazkari nagusia izan zen. Adin-txikikoen auzitegien legeen berrikuntzan parte hartu zuen. Temas del centro de estudios del Reformatorio de Amurrio liburua idatzi zuen.

Javier Ibarra Berge (Bilbo, 1913 - Barazar, 1977), aurrekoaren semea. Deustua eta Salamancan zuzenbide-ikasketak egin zituen. Espainiako Gerra Zibilean frankisten alde borrokatu zen eta zauritua gertatu zen. Bizkaiko Diputazioko lehendakaria (1947-50) eta Bilboko alkatea eta gorteetako prokuradorea (1963-69) izan zen. Aita bezala, Bilboko adin-txikikoen tutoretzako auzitegiko lehendakaria izan zen. Babcock Wilcox S.A. enpresaren zuzendaria, Banco de Vizcayako eta Iberdueroko kontseilaria, El Correo Espaņol-El Pueblo Vasco egunkaria argitaratzen zuen enpresako lehendakaria, Historiako erret akademiako kidea eta Bizkaiko monumentuen batzordeko lehendakaria izan zen. 1977an ETAk bahitu eta hil egin zuen Barazarren.

Fernando Ibarra Lopez (Getxo, 1930). Deustua eta Valladoliden zuzenbide-ikasketak egin zituen. Francoren agintaldian kargu garrantzitsuak izan zituen: Getxoko alkatea (1964-67) eta Bizkaiko Diputazioko lehendakaria (1967-69) izan zen, besteak beste.

Iturria: Harluxet