<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Gamazada
Madrilgo gobernuak Nafarroako erregimen fiskala aldatu nahi zuela-eta Espainiako finantza-ministro German Gamazoren aurka Nafarroan piztutako altxamendua (1893-94). Bigarren Gerra Karlista amaitu (1876) eta Kontzertu Ekonomikoak ezarri ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (1878); Nafarroakoari, Lege Paktatua deitu zitzaion. Nafarroako erresumaren egoera ekonomiko larriak bultzaturik, ministroak zerga eta legeak aldatzeko proposamena egin zuen. Aurreproiektuan, besteak beste, honako hau irakur zitekeen: "Gobernuak, 1877ko uztailaren 11ko Legearen 8. artikuluak ematen dion ahalmenaz berehala baliatuz, ezarriko dizkio Nafarroari bertze probintzia guztietako kontribuzioak, errentak eta zergak, bai gaur egun erresuma osoan (Espainiako erresuman) indarrean daudenak nola lege berri honek sortzen dituenak".
Manifestaldi handiak egin ziren Nafarroako hiri nagusietan (Iruñea, Lizarra, Tutera, Tafalla...), Lege proiektuak Espainiako probintzia huts bihurtzen baitzuen Nafarroako erresuma. Garesen talde armatu txiki bat matxinatu zen gobernuaren aurka, López Zabalegi sarjentuaren gidaritzapean. Beste bost lagunekin batera Obanos aldera abiatu eta Guardia Zibilak atzetik zituztela bi egunetara elkarri tiroka hasi eta amaitu zen mentura. Lopez sarjentuak Pirinioetako mugak zeharkatzea lortu zuen.
Iruñeko manifestaldian, ekainaren 4an, Foruak aldarrikatuz, altxamendua antolatu zuen; 80.000 pertsonatik gora bildu ziren eta Hego Euskal Herriko bazter guztietara zabaldu zen foruen aldeko aldarrikapena: Gasteizen, manifestaldiak izan ziren; Gernikan, Espainiako bandera bat erre zen, Sanrokadan. Abuztuaren 20an pertsona bat hil eta beste batzuk zaurituak izan ziren. Biasteriko istiluetan, hilaren 27an, Guardia Zibilak tiroz erantzun zion. Donostian, protestan ari ziren jendeari: bi hildako eta zauritu ugari izan ziren.
Nafarroako Diputazioak ez zuen etsi. 1894ko otsailaren 18an Castejonen harrera egin zitzaien Madriletik zetozen diputatuei, esku hutsik, baina makurtu gabe zetozela. Sabino Arana bertan zen, eta geroztik bere ideia politikoa gorpuzten eta egituratzen hasi zen Bizkaialdean. Foruen aldeko mugimenduaren hedapena ikusita eta tirabira askoren ondoren, Gamazo ministroa kargutik kentzea lortu zuten (1895). Jose Jarauta Tulebrastarrak Monteagudoko koplak izenarekin ezagutzen diren bertsoak idatzi zituen gaztelaniaz.
Iturria: Lur/ Harluxet/ Argia/