erronkariera

Erronkari ibarrean hitz egiten zen euskalkia. Erronkariera euskalki hila da gaur egun, baina lehen Erronkariko ibar osoan hitz egiten zen. Bertan XIX. mendean zehar hasi zen euskara galtzen eta XX. mendean hegotik iparralderantz etengabe hedatu zen prozesua euskara erabat galtzera iritsiz.1990ean hil zen Iruņean erronkariera ama-hizkuntza gisa jaso zuen azken euskalduna.

Gai eztabaidatua izan da erronkarierak euskalki-izaera ote duen ala ez, zenbaitetan zubereraren barnean sailkatu izan baita. Luis Lucien Bonaparte printzeak egin zuen laugarren eta azken sailkapenean (1869) zubereraren azpieuskalki moduan agertzen zaigu. Eta bertan Bidankoze, Urzainki eta Uztarrozeko hizkera edo barietateak bereizi zituen. Hala ere, Bonapartek berak maiz azaldu zuen gai honi buruzko zalantza eta 1880an erronkariera euskalki berezitzat hartzearen aldeko iritzia azaldu zuen. Geroago, bide honetatik jo zuten Azkue eta Campionek, eta ordudanik, erabat jarraitzen den iritzia dugu hura. Hau dena ikusirik, bistakoa da erronkarierak zerikusi nabarmena duela zubererarekin, bien artean nolabait bizkaieraren bestaldeko muturra litzatekeena eratuz. Dena dela, ez da ahaztu behar zaraitzuerarekin duen harreman estua.

Iturria: Harluxet