<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Errenazimentua
Europako mugimendu kulturala, (XV - XVI. m.), gertakari eta aldaketa garrantzizkoek markatu zutena: filosofikoak (humanismoa), teknikoak (papera, inprenta, iparrorratza, bolbora), zientifikoak (iraultza astronomiko kopernikarra), sozialak (sistema feudalaren suntsitzea), ekonomikoak (merkataritzaren zabaltzea) eta politikoak (estatu nazionalen eratzea, beren hizkuntza eta guzti). Gainera munduaren era guztietako ikuspegia zabaldu zion Europari Amerika eta beste kontinenteen berri izan eta konkistatzeak. Literatura. Errenazimentuak Dante, Petrarka eta Boccaccioren bilaketa filosofiko eta poetikoei segida eman zien eta eskuizkribu grekoen eta Bizantziotik alde egindako jakitunen bidez XV. mendean goren maila lortu zuen.
Mugimendu hau Italian hasi zen. Julio II.a eta Leon X.a aita santuek idazle eta artistak babestu zituzten. L. Ariosto eta T. Tasso (Italia), F. Rabelais (Frantzia), L. de Camoes-en (Portugal) garaia izan zen. Arte plastikoak. Italian sortu zen arte errenazentistak aitzindariak izan zituen XIV. m.an (Giotto, Cimabue), baina Florentzian (XV. m.) hasi zen bere ezaugarri nabarmenenak erakusten. Antzinate klasikoaren iturrietara itzuli ziren arte plastikoak: dekorazioan eta arkitekturan planoak eta ordenak erabiltzen hasi ziren; pinturan eta eskulturan gai mitologiko eta alegorikoen bilduma berritu egin zen; biluziak garrantzi handia hartu zuen. F. Brunelleschi, Donatello eta Masaccio eta Frai Angelico dira lehen garaiko artista nabarmenak. Urbino, Ferrara, Mantua eta Milango printze-gorteetara oso azkar hedatu zen korronte errenazentista. Aita santuek bultzatu zuten mugimendua, jatorri desberdineko artisten babesle bihurtuta (D. Bramante, Rafael, Migel Anjel eta Leonardo da Vinci). Veneziako eskolak ere goren maila lortu zuen (Giorgione, Tintoretto, Tiziano eta Veronese).
Europara hedatu zen arte berria: A. Dürer alemaniarrak lehen errenazimentu florentziarraren eragina izan zuen eta J. Gossaert flandestarrak erromanismoa sartu zuen Herbehereetako pinturan. Halaber, Espainian geroago sartu ziren korronte errenazentistak eta forma berezia hartu zuten: platereskoa. Musikan, polifoniaren urrezko aldia ekarri zuen Errenazimentuak. Musikari italiar, ingeles eta franko-flandestarrek meza, motete eta kantak konposatu zituzten. Josquin des Prés musikaria izan zen garaiko ordezkari nagusia eta Erreformak markatutako bigarren garai bati hasiera eman zion. Garai honek forma berriak ekarri zituen (salmo eta koralak). Konpositoreek bide berriak ireki zituzten eta XVI. mendearen amaieran opera sortuko zuen estilo monodikoa landu zuten (1600).
Loturak: >Bessarion, Joan;
Iturria: Harluxet