<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

baptistak

Kristau-elkarte baptistak Ingalaterran, zehazkiago Londresen, sortu ziren XVII. mendean, eta handik zabaldu ziren Ingalaterrako beste lurraldeetara, Irlandara eta Amerikako Estatu Batuetara. Anglikanismotik aldendurik eta funtsean kalbinismoaren barruan, bi korronte baptista eratu ziren hasieran: Batetik, Jesu Kristoren eroskundea edo berrerospena (Kristau-erlijioan, Jesu Kristok gizadia askatzea bere nekaldi eta heriotzaren bitartez) gizon-emakume guztientzat dela ziotenak (baptista jeneralak); eta bestetik, salbamena predestinatuentzat bakarrik dela ziotenak (baptista partikularrak). Bi korronteen arabera, bataioa hartzeko fedea behar zen; haurren bataioa gaitzetsi egiten zuten eta helduena bakarrik onartzen; funtsezkotzat zeukaten puntu hori zen bi taldeek komunean zutena.

Bataiagaia uretan sartuz bataiatzen dute baptistek. Horien liturgia Bibliaren inguruan dago eratuta: horren irakurketa eta azalpena, otoitz eta kantuekin batera. Elizaren antolamenduari dagokionez, kongregazionalistak dira baptistak: hau da, lekuko elkartean oinarritzen da Eliza; elkarte bakoitza autonomoa da; Biblia eta Ebanjelioa oinarritzat hartuta, lekuko elkarteari dagokio sinestekoei eta praktikatzekoei buruz erabakitzea. Lekuko elkarteen arteko harremana eta nolabaiteko lotura eskualdeko edo lurralde zabalagoko federazio edo antzeko batasun edo elkarteetan gauzatzen dute: Britainia Handiko eta Irlandako Baptisten Batasuna, Kanadako Federazio Baptista, etab.

Amerikako Estatu Batuetan 1814an eratu zuten elkarte baptisten arteko erakundea; baina gerra zibilaren ondorioz, eta esklabotzaren inguruko kontraesanak zirela tarteko, Iparraldeko eta Hegoaldeko baptisten Konbentzioak bakoitza bere aldetik eratu ziren. Hirugarren multzo garrantzizkoa Baptista Beltzak izenekoa da lurralde hartan, beltzen eskubideen aldeko lan handia egin duena: Eliza horretakoa izan zen Martin Luther King. Dena dela, XX. mendean gorputz nagusi horietatik bereizitako hainbat elkarte (edo sekta) baptista sortu da, eztabaida teologikoak tartean direla. Misiolaritzari garrantzi handia eman diote baptistek; eta horren eraginez munduko beste leku askotara daude zabalduta. 1994an 32 milioi inguru baptista ziren munduan.

Iturria: Harluxet