Servet, Migel
Miguel Servet Tuteran jaio zen 1511n eta Genevan hil 1553ko urriaren 27an; Mediku, filosofo, astronomo, fisiologo eta teologo nafarra izan zen. Zenbaiten ustez, Huescako Villanueva de Sigenan jaio zen. Karlos I.aren aitor-entzulearen laguntzaile izanik, Valladoliden, Alpujarretan eta Toledon bizi izan zen (1525-26). Zuzenbidea eta teologia ikasi zituen Tolosako Unibertsitatean (1530). Italia eta Alemanian egon zenean, Erreformaren alde jarri zen eta teologo katoliko eta protestanteekin eztabaidak izan zituen.
Parisen Medikuntzako Fakultatean matrikulatu zen 1537an; Silvio eta Günther von Andernach izan zituen irakasle eta Vesalio ikaskide. Astrologiako eskolak eman zituen eta medikuntza tradizionalaren kontrako liburu bat argitaratu zuen (Apologetica disceptatio pro astrologia, 1538), baina herejetzat hartu eta epaitu egin zuten. Charlieu, Lyon eta Viennen mediku ibili zen eta biriketako odol-zirkulazioa aztertu zuen. Joan Kalbin-ekin eztabaida teologiko sutsuak izan zituen. Hirutasun Santuaren ikuspuntu berria azaltzen zuen "Christianismi restitutio" teologiako tratatua argitaratu zuenean (1553), Kalbinek salatu egin zuen Lyongo inkisidore nagusiaren aurrean. Ihes egin eta Italiarako bidean, Genevan atxilotu zuten, Kalbinen aginduz; epaiketan ondo defendatu zuen bere burua, baina Inkisizioak herejetzat hartzea eta kondenatzea lortu zuen Kalbinek, eta bere liburuekin batera bizirik erre zuten.
I: Harluxet