Eraso, Benito Frantzisko
Benito Frantzisko Eraso Garinoainen jaio zen 1793an eta Mendigorrian hil 1835ean. Napoleonen aurkako gerran frantsesen kontra gogor jardun zuen. Joaquin Pablo "Txapalangarra" gerrillariaren kontrako erasoan parte hartu zuen Luzaiden; horren ondorioz koronel izendatu zuten (1830). Lehen Gerra Karlista piztu zenean, Orreagako karabineroen buru zela, Don Karlos Espainiako errege aldarrikatu zuen. Nafarroako erregeordeak jazarri egin zuen eta Frantziara ihes egin behar izan zuen; frantsesek preso hartu zuten eta aske geratu zenean Don Karlosek bere laguntzaile izendatu zuen.
Zumalakarregik Bizkaiko karlisten buruzagi egin zuen (1835); Durango eta Eibar hartu eta Deskargako guduan Espartero garaitu ondoren mariskal nagusi izendatu zuen. 1835ean Bilboko setioan Zumalakarregi zauritu egin zuten eta Erasok ordezkatu zuen. Nafarroako komandantziako zuzendaritza hartu eta Mendigorriako guduan zauritua gertatu ondoren hil egin zen.
Iturria: Harluxet