Cabarrus, François
Frantzisko Kabarrus Baionan jaio zen 1752an eta Sevillan hil zen 1810ean. Baionako merkatari-familia batekoa, finantza-ikasketak egiten ari zela ikastetxetik alde egin zuen. Gurasoek Zaragozara bidali zuten Galabert jaunaren etxera eta bertako alabarekin ezkutuan ezkondu ondoren Madrilera joan ziren. Xaboi-fabrika sortu eta Madrilgo merkataritza-munduan berehala hartu zuen ospea. Espainiako egoera ekonomikoa konpontzeko asmoz, Banku Nazionala eratzeko aurreproiektua aurkeztu zion finantza-ministroari. Gerora "Banco de España" izena hartuko zuen "Banco de San Carlos" sortu zuten (1782); Cabarrus bertako zuzendari izan zen.
Filipinetako Konpainia sortu eta finantza-kontseilari izendatua izan zen. Bera babesten zuen Karlos III.a hil zenean espetxeratu egin zuten (1790). 1792an errugabea zela konturatuta, aske utzi eta Godoy-k konde egin zuen. Espainia eta Frantzia eta Frantzia eta Alemaniaren arteko harremanetan bitarteko lanak egin ondoren, Parisko eta Holandako enbaxadore egin zuten (1799). Jose Bonapartek finantza-ministro izendatu zuen (1808). "Memoria para la formación de un Banco Nacional" (1782); "Elogio de Carlos III" (1789) eta "Sobre la Unión del comercio de América con Asia" liburuak idatzi zituen.
Loturak: Muzkiz, Migel
Iturria: Harluxet