Alaba Eskibel, Mikel Rikardo

Mikel Rikardo Alaba Gasteizen jaio zen 1771ean g.gb. eta Barègesen, Frantzia, hil zen 1843an. Espainiako itsas armadan sartu eta bataila askotan parte hartu zuen. Trafalgarko guduaren ondoren fragata-kapitain izendatu zuten (1805). Lehenik Napoleonen alde, eta gero, Wellington jeneralaren aginduetara, Napoleonen kontra jardun zuen (1812). Talavera eta Busacoko batailen ondoren mariskal nagusi izendatu zuten. Gasteizko guduan armada frantsesa garaitu zuen (1813) eta Fernando VII.ak Hagara bidali zuen enbaxadore.

Riegoren altxamendua bultzatu zuenetako bat izan zen (1820); Alderdi Progresistako buru zela Gorteetako lehendakaria izan zen (1822). Absolutisten erreakzioak Ingalaterrara bidali zuen eta Wellingtonen etxean errefuxiatu zen. Fernando VII.a hil zenean itzuli zen. Londres eta Parisen diplomatiko egon zen (1835). Lehen Gerra karlistan, Londresen zegoela ingeles-talde bat bildu eta prestatu egin zuen karlisten kontra borrokatzeko. Gerra amaitu ondoren Espainiara itzuli zen, baina Granjako pronuntziamendua zela eta, ihes egin behar izan zuen (1836). Ordu batzuez itsas arazoetako ministro izan zen. Kargu politiko eta militar guztiak utzi eta erretiratu egin zen.

Iturria: Harlaxut