Ajuriagerra Otxandiano, Joan

Joan Ajuriagerra Bilbon jaio zen 1903an eta Aiegin, Lizarra, hil zen 1978an. Gaztetatik izan zen abertzalea. Geroago, EAJko kidea (1929) eta Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria izan zen (1934 - 1937). Espainiako Gerra zibilaren garaian gudari abertzaleen buru izan zen. Santoñako itunaren negoziazioaz arduratu zen, baina Francok ez zuen ituna bete eta Ajuriagerra hiltzera kondenatu zuen; indultua lortu ondoren sei urte kartzelan pasa zituen (1937 - 1943). Kartzelatik ihes egin eta Frantziara joan zen; han, klandestinitatean, abertzaletasunaren alde lan egin zuen diktaduraren kontrako greba politikoak eta Aberri Egunak antolatuz. "Artetxe" eta "Otxoa" ezizenak erabili zituen klandestinitate-garaian.

Gil Roblesen " Demokrazia Sozial Kristaua", Kataluniako "Batasun Demokratikoa" eta Jiménez Fernándezen "Ezker Kristau Demokratikoa" batuz Espainiako "Talde Demokrata Kristaua" osatu zuen (1965). Franco hil ondorengo hauteskundeetan, Bizkaiko EAJko zerrendaburu izan zen eta diputatu aukeratu zuten (1977). EAJk Eusko Kontseilu Nagusiko lehendakaritzarako aurkeztu zuen; Ramón Rubial lehendakaria eta Ajuriagerra konpetentziak negoziatzeko batzordeko lehendakariordea izan ziren (1978).

Iturria: Elhuyar/ Lur