Lopez Mendizabal, Ixaka
Ixaka Lopez Mendizabal Tolosan jaio zen 1879an eta hil 1977an. Filosofia eta Letretan eta Zuzenbidean doktoratu zen. Eskualzaleen Biltzarraren sorreran parte hartu zuen eta Euskaltzaindiko sortzaile eta kide izan zen; 1957an euskaltzain ohorezko egin zuten. Haurren eta euskararen irakaskuntzarako liburuak prestatu zituen: "Manual de conversación castellano-euskara"; "Zenbakiztia"; "Umearen laguna"; "Xabiertxo"; "Martin txilibitu"; "Quiere usted hablar euskara?"; "La lengua vasca, gramática, conversación, diccionario"; "Gramática abreviada". Liburu aitzindariak izan ziren ikuspegiz zein egituraz, marrazki eta apaingarriz hornituak.
EAJko kidea izan zen eta Bigarren Errepublikan, 1931n, Tolosako alkate hautatu zuten, baina Espainiako Gerra Zibilaren garaian Frantziara eta ondoren Buenos Airesa atzerriratu behar izan zuen. Han, Ekin argitaletxea sortu, literatura eta historiari buruzko lanak argitaratu eta euskal errefuxiatuen alde egin zuen lan. 1965ean Tolosara itzuli zen.
Iturria: Harluxet