Egia Agirre, Joakin Maria
Joakin Maria Egia Azkoitian jaio zen 1733an eta Gasteizen hil 1803an. Kultur eragilea izan zen. Europan zientzi eta filosofi ikasketak egitearekin batera, ilustrazioaren garaiko korronte kulturalak sakonki ezagutu zituen. Bere aita hildakoan, Narrosko III. markes bihurtu zen (1769). Azkoitiko zalduntxoak taldeko partaideetako bat izan zen. Lan zientifiko eta filosofikoak egiteaz gain, Metastasio italiarraren melodrama bat gaztelaniara itzuli zuen "La Clemencia de Tito". Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko sortzaileetakoa eta bertako idazkari nagusia izan zen (1774). Bergarako Erret Mintegiaren sorreran ere parte hartu zuen (1778); bertako kimika-laboratorioan lan egin zuen. Fisika, Kimika eta Mineralogiako katedretako zuzendaria izan zen (1787) eta baita Frantzia eta Espainiako akademia eta kultur elkarte askotako kidea ere. Konbentzio-Gerran Gipuzkoako diputatua izan zen (1794-95).
Iturria: Harluxet