Baroja Nessi, Pio
Pio Baroja Donostian jaio zen 1872an eta Madrilen hil 1956an. Aitaren lanbideagatik Espainiako hainbat hiritan igaro zuen gaztaroa. Oinazeari buruzko tesiarekin medikuntzan doktoratu zen (1893) eta bi urtez Zestoako mediku izan zen; gero, Madrilen finkatu eta familiaren okindegia eraman zuen sei urtez. Madrilen, gerora "98ko belaunaldia" osatuko zuten idazle-talde gaztearekin harremanetan jarri eta aldizkarietan artikuluak kaleratzen hasi zen. Literaturari emana erabat, 1900ean argitaratu zuen bere lehen lana: "Bizitza itzaltsuak" kontakizun-bilduma. Hurrengo 10 urteetan, Europan barrena egindako bidaiez gainera, bere lanaren gune garrantzitsua osatzen duten 17 nobela kaleratu zituen; ospe eta entzute handia lortu zituen hartatik. Real Academia Espaņolan sartu zen (1935).
Espainiako Gerra Zibilean ez zegoen inoren alde, baina karlistekin arazoak izan zituen Donezteben eta Donibane-Lohizunera ihes egin behar izan zuen (1936). Madrilera itzuli (1940) eta berriro idazteari heldu zion hil arte. Gaztetan anarkismoaren zalea izan zen, etsipenak hartu eta erlijio, etika edo politikarekiko mesfidantza nagusitu zitzaion arte. Idazle oparoa izan zen oso; 75 liburutan banatutako nobela eta kontakizunak idatzi zituen. Hiru aldi nagusi bereizten dira Barojaren nobeletan: lehena 1912 bitartekoa da; bertan, 98ko belaunaldiaren espiritua azaltzen du eta bere nobelarik garrantzitsuenak orduan idatzi zituen. Bigarren aldian (1912-36) narrazio-teknika pertsonala nagusitu zen; garai honetakoak dira abentura-nobelak eta historikoak. Hirugarren aldia 1936az geroztikakoa da, eta idazlearen gainbehera nagusitzen da. Nobelarik garrantzitsuenak hirunaka sailkatu zituen, guztira hamar trilogia osatuz: Karlistadan kokaturiko "Euskal Lurra"; hein handi batean autobiografikoa den "Arraza"; biziaren zentzuaren bila idatziriko "Bizitza fantastikoa"; Madrilgo langileen bizimoduan oinarritutako "Bizitzeko borroka"; euskal marinelen gertaerak jasotzen dituen "Itsasoa"; "Iragana"; Hiriak eta Egungo agoniak. Independentzi gerran eta Karlistadetan parte hartu zuen eta bere ahaide zen Eugenio Aviranetari buruzko sail bat eta zortzi oroitzapen-liburu ere idatzi zituen. Estiloari dagokionez, bere garaiko ohizko erretorikaren aurkako joera berritzailea azaldu zuen. Aurreko idazleek erabilitako nobelaz kanpoko elementuak baztertu egin zituen; oso estilo pertsonala zuen, xumea, esaldi motzen eta pasarte laburren aldekoa; zenbaitetan zuzentasunik eza ere kritikatu izan zaio. Bere sormenak eta kontaketarako dohain handiak ospe handia eman zioten eta ondorengo idazle ugarik maiz aitortu dute haren eragina.
Iturria: Harluxet