<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
anarkosindikalismoa
Langile-eskakizunetan sindikatuei garrantzi nabarmena ematen dien korronte anarkista. XIX. mendearen hondarretan ditu bere sustraiak anarko-sindikalismoak, P.J.Proudhon anarkistaren irakatsien eraginez bereziki. 1906an "Amiens-eko kartan" finkatu ziren horren oinarrizko printzipioak, Frantziako CGT (Lanaren Konfederazio Orokorra) sindikatuaren kongresuarekin. Ekintza sindikal soilaren inguruan langileak batuz -bestelako ekintza politikoak alde batera utziz-, eta greba orokorraren baliabidea erabiliz, iritsi nahi du anarkosindikalismoak estaturik gabeko eta klaserik gabeko gizartea eraikitzera, Georges Sorel-en "mito sozialari" jarraiki.
Lehen Mundu-Gerraren aurretik oso indartsua izan zen anarkosindikalismoa, bereziki Frantzian, Espainian, Italian, Ingalaterran eta Latinoamerikan. Errusiako iraultza komunistaren garaipenak, anarkismo sindikalistaren krisia ekarri zuen, langile-sektore erradikalek gehienbat komunismora jo zutenean. Espainiako sindikatu anarkista 1911n sortu zen, CNT (Lanaren Konfederazio Nazionala) izenarekin. Primo de Riveraren diktaduraren garaian eta gero Bigarren Errepublika garaian indar handia lortu zuen. Hego Euskal Herriko anarkismoa Nerbioiren ezkerraldean zabaldu zen XIX. mendean: hainbat talde eratu zen bertan; "Nuevo Espartaco" eta "El Ideal del Esclavo" izan ziren haien lehen aldizkariak; Katalunian ez bezala, Euskal Herrian anarkosindikalismoak ez du inoiz indar handirik izan. Europan bezala, estatu espainolean eta Euskal Herrian ere sindikalismo historikoaren hondar gisa bakarrik ageri da anarkosindikalismo antolatua bestelako erakunde sindikalen aurrean.
Iturria: Harluxet