zuberera

Zuberoan mintzatzen den euskalkia. Behe-nafarrera hitz egiten den iparmendebaldeko herri gutxi batzuetan ez beste (Domintxine, LohitzÜne, etab.), Zuberoa osoan zehar hedatzen da zuberera. Honetaz gainera, Biarnon dauden herri gutxi batzuetako biztanleek ere (adibidez, Eskiulakoek) erabiltzen dute euskalki hau eta Biarnoko beste zenbait herritan (Baretus, Aspe, Ossau) galdu da jada euskara. Erlazio handia du zubererak erronkarierarekin, hainbat ezaugarritan parekoak baitira. Luis Lucien Bonaparte printzeak, euskalkiez egindako laugarren eta azken sailkapenean (1869) euskalki bakarraren azpieuskalkitzat hartu zituen, gerora zalantzak izan zituen arren.

Gaur egun, berezko izaera aitortzen zaio erronkarierari, zuberera lehen adierazitako lurraldera mugatuz. Bizkaierarekin batera, beste euskalkietatik modu argienean bereizten den euskalkia da. Horixe adierazten dute ezaugarri berezi eta nabarmen batzuek: "Ü" ikurraz idazten den bokalak (frantsesezko "u" baino zertxobait irekiagoa), bokal eta diptongo sudurkariak, azentuak, etab.ek. Ez da ahaztu behar bizkaiera eta zuberera euskarak hartzen duen lurraldearen bi ertzetan daudela. Azken urteotan, egoera diglosiko larria jasaten ari da zuberera, oraintsu arte euskalki bizi-bizia izan bada ere. Euskara gutxi erabiltzen da etxetik kanpo eta, nekazaritza-giroan ez bada, etxe barruan ere zaharrekin baino ez.

Iturria: Harluxet