bizkaiera
Bizkaian, Arabako I-an eta Gipuzkoako M-an (Deba arroan) hitz egiten den euskalkia. Bizkaiera Bizkaia osoan mintzatzen da Nerbioi ibaitik E-ra. Mendebalderanzko lurraldeak aspaldi ezagutu zuen euskararen galera, baina toponimo asko gelditu zaizkigu lehenago bertan euskara bizi izan zenaren lekuko, zenbaitetan erdaldunduta agertzen badira ere. Dena dela, euskalki hau ez da Bizkaian bakarrik hitz egiten; Debako arroako zati handi bat hartuz hedatzen da Gipuzkoan barrena (Soraluze, Bergara, Oņati, etab.) eta, era berean, bizkaiera da Araban gordetzen den euskara, iparraldeko zenbait herritan zehar (Aramaion, Laudion, Legution, etab.etan) zabaldua dagoena. Bizkaieraren barne-sailkapenari dagokionez, eta Luis Lucien Bonaparte printzeak egindako laugarren eta azken sailkapenari (1869) jarraituz, hiru azpieuskalki eta hamar hizkera bereiz daitezke. E-ko azpieuskalkia Markinako hizkerak eratzen du. M-ko azpieuskalkian zazpi hizkera bereizten dira: Gernikakoa, Bermeokoa, Arratiakoa, Orozkokoa, Plentziakoa, Arrigorriagakoa eta Otxandiokoa. Gipuzkoako azpieuskalkia Bergara eta Leintz Gatzagako hizkerek osatzen dute. Sailkapen hau gaur egun ia aditu guztiek onartzen duten arren, batzuen ustez aldaketa bat gertatu da Elgoibarren, bertan gipuzkera, edo tarteko euskara behintzat, hitz egiten delako. Bizkaiera da, zubererarekin batera, euskalkirik berezi edo apartekoena, beste euskalkiekin konparatuz desberdinenak diren ezaugarri linguistiko askotxo dauzkalako (aditza litzateke esandakoaren adibide adierazgarrienetako bat). Halaber, elementu morfologiko eta esamolde arkaiko gehien gordetzen dituen euskalkia dela esan daiteke.