<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
feniziar
Feniziarrak jatorriz semitak ziren eta K.a. 3000. urtearen inguruan gaur egun Siriak eta Libanok hartzen duten Mediterraneoaren ekialdeko kosta-partean finkatu ziren. Bizilekutzat hartu zuten lurraldea Libanoko mendiek mugatzen dute eta, estua zelako, itsasoan aurkitu behar izan zuten hedapena. K.a. XV. mendean sortu ziren Ugarit eta Biblos, lehen hiri garrantzitsuak, eta geroago Tiro eta Sidon okupatu zituzten. Hiri-estatu hauek gobernu autonomoa zuten eta lehian ibiltzen ziren beraien artean merkataritzan zein izan nagusi, baina hori ez zen oztopo izaten kanpoko mehatxuren baten aurka denek bat egiteko. Zazpi mendez (K.a. XII. mendetik V. mendera) Mediterraneoko merkataritza feniziarren esku egon zen; garai hartako nabigatzailerik trebeenak ziren eta Britainia Handiraino iritsi ziren Gibraltarko itsasartean barrena; Afrikako kontinentea ere inguratu zuten nabigatuz, inolako itsas maparik gabe.
Hasiera batean egiptoar eta babiloniarrekin bakarrik izan zituzten harremanak, baina gerora koloniak ezarri zituzten gero eta urrunago (Zipre, Palermo, Kartago, Málaga, Cádiz). Feniziar produktu manufakturatuak askotarikoak izateaz gainera, oso estimatuak zituzten iristen ziren herrietan, bereziki beirazko eta metalezko lanak eta Murex brandaris molusku gastropodotik ateratzen den purpuraz tindatutako oihalak. Ordainetan, feniziarrek egurra lortzen zuten Zipren, burdina eta beruna Itsaso Beltzean, bolia eta urrea Afrikan, ardoa Frantzian, eztainua Britainia Handian eta esklaboak hainbat herrialdetan. Feniziarren ekarpen kulturalik handiena alfabeto fonetikoa izan zen, transkribatzeko oso metodo praktikoa, grekoaren bidez lehengo eta oraingo alfabeto gehienen oinarri bihurtu zena. Gainerako kultur agerpenen datuak oso urriak dira, ia ez baitzuten monumenturik utzi.
Feniziarren hiriak babiloniarren menpean erori ziren lehenbizi eta persiarrenean gero. Alexandro Handiak K.a. 332an Tiro suntsitu eta Alexandria fundatu zuenean, merkataritzak bide berriak hartu zituen. K.a. 64an Fenizia Erromatar Inperioaren parte bihurtu zen.
Iturria: Harluxet