<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Arianismoa
Kristauak urte luzez ibili behar izan zuten klandestinitatean, eta horietan interpretazio ezberdinak ugaldu egin ziren. Zismaren arriskua zegoenez, Konstantinok erabaki zuen Nizeako kontzilio ekumenikoa deitzea, 325. urtean. Kontzilio horretara mundu kristauaren apezpiku guztiak bildu ziren, Elizaren batasuna eta sinesmen ofiziala zehaztea xede zutelarik. Konstantino bera izan zen kontzilio horretako buru eta haiek erabakitakoetatik kanpo, hau da, dogma edo ortodoxiatik kanpo, zeuden aukera guztiak heresiatzat hartu zituzten.
Garaiko kristau-heresia nagusiena arianismoa izan zen; hau da, Ario eta bere jarraitzaileek predikatzen zuten doktrina. Jesukristoren berezko jainkotasuna ukatzen zuen, jainkotasun hori nolabait Jainkoaren sorkeria zela aldarrikatzen zuten. Arianismoa Nizeako kontzilioan eta geroago Konstantinoplakoan (381), gaitzetsia izan zen. Dogmak zionez Aitak, Semeak eta Espiritu Santuak jainko bakarra osatzen dute, Hirutasunaren misterioa alegia: substantzia bakarra eta hiru adierazpen.
Arioen dotrina heresia gisa baztertua izan zen, hala ere; arianismoa Mendebaldean zabaldu egin zen, Italian eta herri germaniarren artean batez ere. Herri germaniar adarretako batek, bisigodoek, arianismora aldatu, Adrianopolisen Flavio Valens garaitu (378) eta Erroman sartu ziren (410) Alariko I.aren eskutik.
Iturria: Elhuyar/ Gaiak