Yanguas Miranda, Jose
José Yanguas Miranda Tuteran jaio zen 1782an eta Iruñean hil 1863an. Familia apaleko semea zen.
Iruñeko apaizgaitegian eta eskolapioetan ikasi zuen. Despotismo ilustratu eta Iraultza Frantsesaren garaikoa izanik, ideia liberalen eragin handia izan zuen. Tuterako Udaleko eskribau eta idazkari izan zen (1806). Fernando VII.ak Nafarroako Gorte Nagusiak deitu zituenean, Tuterako ordezkari izan zen bertan (1817). Txanpon-faltsifikazioa egin izana leporatu eta epaitua izan zen, baina ez zuten kondenatu (1819). Hiru urteko Konstituzionala amaitutakoan (1823), konstituzionalista izateagatik atxilotu zuten, baina erret indultuak libre utzi zuen (1825).
Iparraldera joan eta Baionan erlojugile-lanean hasi zen; gero Donostian aritu zen ofizio berean (1830). Nafarroako Foru Aldundiak artxibozain izendatu zuen (1830). Fernando VII.a hil eta liberalak nagusitu zirenean (1833), Nafarroako Foru Aldundiko biziarteko idazkari izendatu zuten (1834). Madrilgo gobernuarekin Lege Paktatua hitzartzeko harremanetan parte hartu zuen. Nobela, zuzenbide-lan, historia eta hizkuntza lanak idatzi zituen.
Iturria: Elhuyar/ Lur