Ximenez de Rada, Rodrigo
Rodrigo Ximenez Radakoa Garesen jaio zen ~1170 eta Vienne-n hil, Frantzia, 1247an. Elizgizon eta kronikari nafarra izan zen. Bolognan zuzenbidea eta Parisen filosofia eta teologia ikasi zituen. Alfontso VIII.ak eskatuta, Inozentzio II.ak Osmako apezpiku (1208) eta Toledoko artzapezpiku izendatu zuen. Gaztelako gortean eragin handia izan zuen: Iberiar penintsulako errege kristauen aliantzan bitartekari izan zen, armada Toledon babestu eta Navas de Tolosako guduan parte hartu zuen (1212); Cáceres (1218) eta Requenako (1219) kanpainetan ere parte hartu zuen. Fernando III.aren erregealdian ekin zion Toledoko katedrala eraikitzeari (1226). Latrango IV. Kontzilioan Toledoko elizbarrutiaren nagusitasuna aldarrikatu zuen (1215) eta Valentziako elizbarrutia ere beretzat eskatu zuen 1238an; hori zela eta, Tarragonako artzapezpikuak sinodo batetik kanporatu egin zuen (1241). 1247an Lyongo kontzilioan parte hartu zuen. Inozentzio IV.ari Erromara bisita egitera abiatuta hil zen. XII-XIII. m.etako historiaren berri eman zuen "Historia Gothica" liburuan eta antzinatetik XII. m.ra bitartekoa "De rebus Hispaniae" liburuan.
Loturak: Ximenez Gazolatzekoa, Pedro;
Iturria: Harluxet