Navarro, Pedro (Pedro Bereterra)
Pedro Navarro Erronkarin jaio zen ~1460an eta Castelnuovo-n, Napoli, hil 1528an. Haurtzaroan Italiara joan eta Napoliko erresuman, erregearen seme zen Joan Aragoikoa kardinalaren zerbitzura egon zen, berau hil arte (1485).
Florentziarren armadan ibili zen genoarren aurkako borrokan (1487). Ondoren, kortsario ibili zen Mediterraneoan Napoliren zerbitzuan. 1500 - 1507 bitartean espainolentzat lan egin zuen Italian; orduan hartu zuen "Pedro Navarro" izena. Kanpaina garrantzitsuetan parte hartu zuen eta, dirudienez, minak asmatu zituen eta batailetan erabili zituen. Fernando Inkisiziokoak "Olivetoko kondea" titulua eman zion.
1512an, Espainiak, Veneziak eta Eliz Estatuek Frantziaren aurka egindako gerran, espainolen infanteriako kapitain jeneral izendatu zuten, baina frantsesek preso hartu zuten Ravennan; hiru urtez preso eduki zuten, Frantziako Frantzisko I.aren alde lan egingo zuela agindu zuen arte. Erregeak jeneral izendatu zuen eta Frantziako armadarekin borrokatu zen espainolen aurka. Napolin Karlos V.aren armada setiatua zuela (1528), espainolek berriro preso hartu zuten. Castelnuovoko gazteluan eduki zuten hil zen arte.
I: Harluxet