Gardoki Arrikibar anaiak
Gardoki Arrikibar, Diego Maria: Bilbon jaio zen 1745ean eta Turinen hil 1798an. Politikari eta merkatari izan zen. Ingalaterran ikasi zuen eta Bilboko Kontsulatuko arduradun nagusia izan zen. Amerikako kolonia ingelesetako agintariekin harreman onak izan zituen eta estatubatuarrek Independentzi gerran ingelesak bidaltzeko gobernu espainolari laguntza eskatzeko bitartekari-lanak egin zituen (1777). Londresen Espainiako behin-behineko kontsul orokor (1783) eta Estatu Batuetako negozio-arduradun eta enbaxadorea izan zen (1785-89). Espainian Haziendako idazkari eta Indietako merkataritza-zuzendari egin zuten (1790). Turingo Espainiako enbaxadore izendatu zuten 1796an.
Gardoki Arrikibar, Francisco Antonio: Bilbon jaio zen 1747an eta Erroman hil 1820an. Diego Mariaren anaia. Zuzenbide Kanonikoko eta Zibileko doktore izan zen eta kargu garrantzitsuak izan zituen: Valentziako artxidiakono, Rotako epaitegiko entzule eta Gaztelako kontseilaria. Karlos III.aren eta Karlos IV.aren aholkularia izan zen. Azken honen zerbitzura zegoela, Amiens-eko bakearen prestaketan parte hartu zuen. Pio VII.ak 1816an kardinal egin zuen.
Iturria: Harluxet