Cid Campeador (Rodrigo Díaz de Vivar)
Rodrigo Diaz Vivarrekoa Vivar-en jaio zen Burgos ondoan 1043an eta Valentzian hil 1099an. Zaldun eta buruzagi militar gaztelaua izan zen. Espainiako historiografian errekonkistako pertsonaiarik ospetsuenetakoa. Gaztelako Antso II.aren laguntzailea, eta hau hil zutenean, Alfontso VI.arena.
Erregeak Sevillako errege musulmanengana bidali zuen, urteroko zergak biltzera. Errege musulmanak aparteko saria eman zion eraso batean babestu egin zuelako eta Cid-ek saria beretzat jaso zuen; ondorioz, Alfontso VI.ak desterratu egin zuen. Zaragozako errege mairuari eskaini zizkion bere zerbitzuak. 1087an Alfontso VI.ak adiskidetu eta laguntza militarra eskatu zion. Penintsulako ekialdeko lurraldeak bere menpe jarri zituen. Hurrena berriro haserretu eta erbesteratu zuenean, guztiz bere aldetik jarraitu zuen Cid-ek, eta Valentziaz jabetu (1094) eta bertako erresumaren gobernatzaile bihurtu zen. Herri-heroi bilakatu zen Cid Gaztelan, hainbat ipuin- eta istorio-iturri.
Loturak: >Gartzia IV.a Ramirez Berrezarlea;
Iturria: Harluxet