Cabarrus, Teresa

Teresa Cabarrus (izg. Thermidorko dama), Madrilen jaio zen 1773an eta Belgikan hil 1835ean. Frantzisko Caberrusen alaba. Parisen hazi eta Fontenay jaunarekin ezkondu zen (1788). Iraultzaren aldekoa izaki, etxean maiz biltzen zituen idazle, pintore, politikari nahiz iraultzaile asko. 

Maitale asko izan zituen eta senarrarengandik banandu egin zen. Izualdian Bordelera jo zuen; bertan atxilotu egin zuten baina Konbentzioko komisarioaren, Tallienen, laguntzari esker aske geratu zen. Gertakari honen ondorioz maitale izan ziren eta Teresa behin baino gehiagotan baliatu zen Tallien-en botere eta eraginaz. Robespierreren aginduz Teresa atxilotu zuten (1794). Tallien komisarioak, Teresa askatzearren, Robespierreren agintearekin bukatu zuen Thermidorreko estatu-kolpeari hasiera eman zion; geroztik "Thermidorreko dama" izenez ezagutzen da. Tallienekin ezkondu zen, baina 1802an bereizi egin zen; hainbat maitale izan eta gero, Caramango kondearekin ezkondu eta Belgikan finkatu zen (1805).

Iturria: Harluxet