Agramont, Bibiano II.a
Bibiano, Agramonteko jauna izan zen. 1203an, Antso VII.a Azkarra Nafarroako erregearen basailua egin zen. Gerrarako eta bakerako ituna zin egin zuten biek: Bibiano berak eta bere ondorengo guztiek Nafarroako erregeak agindutako munduko jende guztiaren kontra borrokatuko zuten edo, bestela, traidoretzat hartuko ziren eta ez zuten salbaziorik izango munduko inongo bazterrean, ez bere eskutik ez besterengandik. Bibianok kalte egingo balio erregearen beste basailoaren bati, bai kuriak bai erregearen beraren gorteak agindutako legearen pean jarriko litzateke. Erregeak, berriz, Bibiano defendatzeko zin egin zuen, munduko jende guztiaren kontra. Bibianok Nafarroako erregearen bandera paratuko zuen bere Agramondarren gazteluan, menpeko horren seinale. Bibianorekin batera beste hogeita zazpi zaldunek zin egin zuten Gurutze eta Liburuaren gainean, itunaren betetzea bermatzeko.
Iturria: Auņamendi