Donemiliaga Kukula (San Millan de la Cogolla)
Errioxako udalerria, Naiara ondoan. Bi monasterio daude: Suso eta Iuso. Suso, goikoa, San Emilianok eraiki omen zuen VI. mendean.
Suso monasterioa
Bertako haitzulo batean San Emiliano bizi izan omen zen (473 - 574), Jakue-bidean zetozen erromesei laguntza ematen. Eraikuntza etapa desberdinetan eraikia da (VI. m - XI. m). Gartzia I. Santxez Nafarroa eta Errioxako erregeak monasterio beneditarra eraiki zuen, bertan ikusi zuen estilo mozarabiarrari jarraituz (931) eta Iruņeko erresumako abadia nagusietako bat izan zen X. mendean; Al-Mansurrek arpilatu eta desegin zuen 1002an. Bi nabeko eliza zen; gurutzaduraren parean haitzean zulatutako elizatxoa zegoen eta ekialdean nitxo-aldare bat zeukan. Ondoko haitzuloan San Emilianoren hilobia jarri zen (XII.m); bisigodoen garaiko hiru nitxo-aldare zituen. Antso III.a Nagusiak eliza berritu eta handitu zuenean, hasierako eraikuntzako eliza mozarabiarra bakarrik gorde zuen (1030).
Elizaren nabeak, material, zabalera eta aparailu aldetik desberdinak dira: haitzuloaren aurrekoa, hiru ferra-arku bisigotikoz egindako arkupe ederra da, ferra-arkuen gainean erdi-puntuko sei arku txiki ditu. Arkupearen erdiko bi kolomak geroagokoak dira. Bigarren nabearen goi-pisua galdu egin zen, baina arku txikiak mantendu egin ziren eraikinaren altuera mantendu ahal izateko; koloma bikoitzean oinarritutako ferra-arku baten bidez lotzen da gurutzadurarekin. Gurutzadurak nerbio-ganga arabiarra du; gurutzaduraren ondoan kaperak daude; sabai gainean, erromesak orientatzeko erabiltzen zen argi-dorre txikia dago. Errioxa-Nafarroako nobleen eta erreginen hilobiak daude, besteak beste, Toda, Ximena eta Elbira erreginenak.
Iuso monasterioa
1053an eraiki zen, Gartzia III.a Naiarakoaren aginduz. Alegiak dionez, San Emilianoren hilobia Naiarara gurdi batean zeramatela, idi parea seko gelditu, eta mugitu ezinik geratutako lekuan eraiki zen Iuso monasterio berria. Gaur egun turismoaren bisita lekua da, bisita gidatua izaten da. Sarreran salomondar zutabeak daude, ondoan erregeen aretoa. Errioxan parte izan duten hainbat erregeen koadroak daude. Liburutegian hamar mila liburutzar baino gehiagok erakusten dute Suso monasterioan fraide kopistek egindako lana. "Emilianotar glosa" horietan daude euskaraz idatzitako hitzak, latinezko sermoi liburuetan egindako oharrak dira hauek: Jzioqui dugu (piztu dugu edo halakotzat eduki dugu) eta guec ajutuezdugu (guk ez dugu aski) dira euskarazko ezagunenak. Nafar erromantzez idatzitakoak, berriz, jotzen dira gaztelaniaren sorrerako hitzak.
Eliza hiru nabekoa eta gurutzadura batekoa da (XVI. m). Erretaula (XVII. m.) eta pulpitua (Berrugeteren estiloa) dira ikusgarrienak. Kalostrak: San Emiliano eta San Agustin. Eta sakristiako margo eta freskoak ikusgarri mantentzen dira, XVIII. mendean margotuak. Museoa: Antso IV.a Gartzes Peņalengoaren aginduz egina (1067) San Emilianoren kutxa mantentzen da. Egurrez egina, zilar plakez eta harri bitxiz apaindua santuaren bizitzaren pasarteak irudikatzen dira marfilezko plaketan. Zoritxarrez, benetako irudiak ez dira erakusten, hamasei besterik ez daude hemen, besteak, munduan zehar, museotan banatuta daude. Hemen erakusten direnak Felix Granadak 1943an eginak dira. San Emilianoren hil kutxa: santuaren gorpua izan zuen lehen hilkutxa ere ikus daiteke.
Iturria Elhuyar/ eta beste