Gartzia I.a Santxez
Gartzia I.a Santxez, gutxi gorabehera, 919an jaio zen eta Haitzpeko San Joanen hil zen, 970ean. Ximenotarren dinastiakoa, Iruņeko V. erregea (931 - 970), Antso I.a Gartzes eta Toda Aznarren semea.
Adin-nagusitasunera iritsi bitartean bere aita izan zen Aragoiko erregeorde, 925arte; gero, aitaren anaia Ximeno Gartzes osaba eta bere ama Todak agindu zuten Nafarroan. Baskoniako Antso Gilen bere zerbitzura izan zuen. Aragoiko kondea Aznar Galindez II.aren alaba Andregoto Galindezekin ezkondu zen eta haren semea Antso II. Gartzes Abarka izango zen ondorengo erregea. Iruņeko eta Leongo erregeek Abd ar-Raman III.aren armada suntsitu zuten Simancas-en (939ko abuztuan), Valladolid Leongo erreinua zenean.
956an, Ordoņo III.a Leongo erregea hil ondoren, Antso I oinordekoa babestu zuen Ordoņo IV. Gaiztoaren eta Fernan Gonzalez Gaztelako kondearen aurka. 961ean Gartzia I.ak Fernan Gonzalez preso hartu zuen, libre utzi bai, baina ez zuen Kordobako emirraren esku utzi, nahiz eta hark hori eskatu. 962an Leongo erregearekin eta Gaztela eta Bartzelonako kondeekin akordio bat sinatu eta kalifaren aurka borrokatu ziren, baina 963an musulmanak Nafarroan sartu eta Kalagorri eta Atientzako gotorlekuak hartu zituzten. Lehen emazte Andregoto Galindez zapuztu eta bigarren ezkontza Teresa Leongoarekin egin zuen. Horiengandik Ramiro Gartzes jaio zen.
Iturria: Elhuyar