Ormaetxea, Nikolas "Orixe"
Nikolas Ormaetxea Orexan (Gipuzkoa) jaio zen 1888an eta Aņorgan hil 1961ean. Xabier, Loiola, Burgos eta Oņako Jesusen Lagundian egin zituen ikasketak eta irakasle izan zen jesuiten eskoletan, baina Jesusen Lagundikoek ez zuten apaiz onartu. Estepan Urkiaga "Lauaxeta"rekin aritu zen Euzkadi agerkarian. Espainiako Gerra Zibilaren garaian Iruņean preso eduki zuten sei hilabetez; gero, Ipar Euskal Herrian, Frantzian, Argentinan, Txilen, Perun, Bolivian eta El Salvadorren ibili zen. Han idatzi zuen "Quito'n arrebarekin" saiakera mistikoa Euzko Gogoan argitaratua (1950-54).
Ameriketatik itzuli (1954) eta Tolosa, Lazkao, Orexa eta, azkenik, Aņorgan bizi izan zen. Euskal aldizkarietako kolaboratzaile izateaz batera, Euskaltzaleak elkarteak sorturiko euskal berpizkundearen kide garrantzitsuenetakoa izan zen, eta eragin handia izan zuen idazle gazteengan, bere kritika literarioaren bitartez bereziki. Euskal nekazariekin eta langile-giroarekin harreman estuak izan zituen; oso ondo ezagutu zituen ikazkinak, artzainak, nekazariak, etab. Hori guztia "Euskaldunak Poema XV Kantuetan" liburuan bildu zuen (1934).
Beste hainbat lan (Santa Kruz apaiza, 1929; Iruleak, 1929; Lizardiren azken-olerkiak, 1933; Urte guziko Meza-bezperak, 1949), itzulpen (Kixote liburuaren XV. kapitulua, 1928; Tormes'ko itsu-mutilla, 1929; Mistral-en Mireio, 1930) eta poesi lan egin zituen (Barne muinetan, 1934). Hiru gai eta joera nagusitzen dira Orixeren obran; antimodernismoa, erlijioarekiko atxikimendua eta erromantizismo idealista. Hizkera klasikoa erabili zuen eta deskripzio guztiz objektiboa du ezaugarri. Euskaltzain osoa izan zen (1957 - 1961).
Loturak: Argia (Sarean); Susa (Sarean) Iztueta (Sarean)
Iturria: Harluxet