Urkiaga Basaratz, Estepan "Lauaxeta"
Estepan Urkiaga "Lauaxeta" Laukizen jaio zen 1905eko abuztuaren 3an eta Gasteizen hil zuten 1937ko ekainaren 25ean. Poeta eta kazetaria izan zen. Familiarekin Mungiara joan behar izan zuen txikitan eta bertako baserritik hartu zuen Lauaxeta goitizena. Durangon (1916), Loiolan (1921 - 1925) eta Oņan ikasi zuen teologia. Loiolan, latinezko klasikoak ikasteaz gain, euskara eta euskal kulturarekiko zaletasun-giroa bizi izan zuen Ibiņagabeitia, Argarate, Plazido Mugika, Jokin Zaitegi, Goenaga, Martikorena eta abarrekin. klasikoak euskaratzen aritu zen. 1928an, Jesusen Lagundia utzi eta Bilboko "Euzkadi" agerkariko euskarazko orriaren ardura hartu zuen Orixerekin (1931). Euskal jai eta olerki-saioetan sari anitz irabazi zituen, aipagarria da Errenterian, 1930ean Olerkari egunean saritutako Maitale Kuttuna olerkia (Sarean).
Espainiako Bigarren Errepublika garaian hizlari ibili zen herriz herri EAJren mitin eta jaialdi askotan. Espainiako Gerra Zibilaren garaian gudarien komandante izan zen Bilboko Eskolapioen eskolan. Eusko gudarosteen "Gudari" aldizkariko zuzendari zela, "Le Petit Gironde" egunkariko kazetari bati suntsitutako Gernika erakusten ari zenean, atxilotu egin zuten. Gasteizera eraman eta bi hilabetera Santa Isabel hilerriko orma baten kontra fusilatu egin zuten (1937-VI-25). Aurreko egunetan, kartzelan, "Agur Euzkadi" poema hunkigarria idatzi zuen.
Estilo sinbolistako poesia zaila landu zuen (Sarea), tarteka modernismoaren eragin nabarmenaz. Gai nagusiak maitasun lortezin eta ondorioz mingotsa, gaztetasuna eta gaztaroa, aberria eta askatasuna, igarokortasuna eta poesia soziala izan zituen. Egunkari eta aldizkari anitzetan idatziriko artikulu ugariez aparte, Bide barrijak (1931), Arrats beran (1935) eta Olerkiak (1974an argitaratua) olerki-bildumak egin zituen; berea izan zen garaiko euskal lirika Europako korronteetan txertatzeko ahaleginik zabalena eta lortuena. Bere poemetan agertu zituen abertzaletasuna, euskalduntasuna eta jainkoarekiko gurtzaren derrigorra, baina estetikarekiko konpromisoak eta hizkuntzaren garbizalekeriaren alde egindako hautuak ulertzeko oztopo bihurtu ziren orduko irakurle apur eta xumeentzat.
Iturria: Harluxet/ Lur/ Berria